Saskibaloia

Emakumezkoen CBASK seniorrak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Burlatan

Guaixe 2025eko urriaren 23a

Gizonezkoen bigarren mailako CBASK-ek, aldiz, 11 punturen aldearekin galdu zuen Berriozarren

Gizonezkoen bigarren mailan hirugarren jardunaldia jokatu zen. CBASK-ek Humiclima izan zuen aurkari Berriozarren, eta partida oso borrokatuan azkenean etxekoak gailendu ziren, Humiclimakoak, 87-76. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak, hiru berdinketa izan zituzten, baina gero Humiclimak aldea hartu zuen, eta nahiz eta azken txanpan CBASK asko gerturatu, azkenean 11 punturen aldearekin irabazi zuen Berriozarko taldeak. 

Larraona Claret da gizonezkoen bigarren mailako liderra, jokatutako hiru partidak irabazita (6 puntu). CBASK zortzigarren da, partida bat gutxiagorekin (3 puntu). Laugarren jardunaldian CBASK-ek Megacalzado Ardoi hartu beharra zuen Zelandin, baina partida 2026ko martxoaren 11ra aldatu da.  

Emakumezkoen lehen senior mailan denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen CBASK-ek Iruñerrian jokatutako partida estuan Burlatari 63-67 irabazita. Hasieran parez pare ibili ziren bi taldeak. Burlatarrek aurrea hartu zuten, baina altsasuarrek markagailuan 20. tantoa lortu eta hortik aurrera partidari buelta eman diote, aurrean jarri eta bukaeraraino markagailuari eutsiz. Azkenean, lau punturen aldearengatik irabazi zuten altsasuarrek. Ainhoa Etxaizek 15 puntu lortu zituen.