Astekaria

"Musikalki eta kontzeptualki muturrera joaten gara"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2025ko aza. 4a, 11:58

Jokin Pinatxo Janus Lester 'Lore' diskoan. UTZITAKOA

Jokin Pinatxo musikaria Janus Lester musika proiekutaren sortzailea eta abeslaria da. Berria esperientziak egitasmoaren barruan, taldearen kontzertua izanen da, azaroaren 8an, Iortia kultur gunean. 

Antzokietan "horrelako isiltasun eta konexio berezi bat" lortzen dela esan du Jokin Pinatxo Janus Lester taldeko sortzaileak eta abeslariak. Azaroaren 8an, larunbata (19:30ean), Iortia kultur gunean kontzertua emanen dute, Berria esperientziak egitasmoaren barruan. Sarrerak agortu dira. 

Nola sortu zen Janus Lester taldea? 
Lehenengo abestia 2022an atera genuen; ekainean, oker ez banago. Maitasuna Tabu izan zen lehenengo abestia. Ordutik jotzen ibili gara. Bi disko atera ditugu, eta hirugarren bat lehenengo diskoaren bertsioen zuzeneko grabazioarekin (Ez gaitzala loak harrapatu -2022-, Janus Lester zuzenean eta Lore -2024-). Hiru urte hauek ondo aprobetxatu ditugu, baina bizitza osoan musikari lotuta egon garen jendea gara. Taldea osatzerakoan bilatu nuen gehianbat zonaldeko jendea, aspaldidanik txarangan aritutako jendea, lagunertako taldetan eta gero beste batzuk eszenatokitan ikusten nituenak. Nahiz eta talde gaztea izan, eszenatokian eta musika munduan esperientzia dugu, eta plazera da horrelako jendearekin aritzea. 

Zeintzuk zaudete taldean? 
Mattin Arbelaitz, baterian; Julen Suarez, tronpetan, eta Andoni Arriola tronboian. Bi hauekin bizitza osoan txarangan egon naiz, eta Mattinekin Janus Lesterrekin hasi baino lehenago talde batean, Azken trena, egon nintzen. Bestaldetik, Garazi Esnaola teklatuan, Julen Barandiaran baxuan eta Javi Etxarri gitarra nagusian daude, eta hauek aurretik ez nituen pertsonalki ezagutzen, baina publiko bezala ezagutzen nituen; egiten zutena gustatzen zitzaidan, eta parte hartzea proposatu nien. Horrela sortu zen zazpikotea.  

Nolakoak izan ziren hasierak?  
Hasiera pixka bat zaila izan zen pandemia garaiarekin kointziditu zuelako. Gu lau nafar eta hiru gipuzkoar gara, eta garai horretan ezin zen herrialde batetik bestera pasa. Elkartzea zaila izaten zen eta bideoideiekin komentatzen eta maketak pasatzen aritzen ginen. Alde positibo bat izan zuen: sortzeko askoz denbora gehiago genuen. Baina ezin ginen elkartu. Alde horretatik ez zen oso erraza izan. Proiektuarekin 2020ko irailean hasi ginen eta 2022an atera genuen lehenengo abestia. Bi urte pasa ziren. 

Nondik dator Janus Lester izena? 
Dinamika hartzen hasi ginen, diskoa imajinatzen, proiektuaren izena imajinatzen... Zalantzak eduki genituen zer izen jarri. Baina Janus Lester gustatzen zitzaidan elkartzen zituelako bi bizitza bezala. Janus bi aurpegi dituen jainko erromatar bat da, zubietan eta ateetan egoten dena, eta trantsizioen jainkoa esaten zaio. Lester Young saxofonista oso-oso ezagun bat da, oso gogoko nuena. Ni saxofoi jolea izan naiz beti, eta niretzat bazen horrelako trantsizioa saxoa jotzetik abestera. Bi terminoak elkartu nituen, eta horrela sortu zen Janus Lester. 

Zer nolako musika egiten duzue? 
Nik uste saiatzen garela diskoetan eta kontzertuetan poriektu oso dinamikoa izaten. Gainera, horrelako antzokietan, Altsasu kasu, ematen dizkigute aukera oraindik eta dinamismo horretan iskinetara oraindik gehiago jotzeko. Sortzeko garaian asko pentsatzen dut gero nola joko dugun, orduan, hori sumatzen dela uste dut, eta ematen digu aukera abestiak beste modu edo kontestu oso-oso biluzi edo gordin batera eramateko. Zazpikote bat izanda eta arreglo oso handiak eginda, beste muturrera joatea, handitasun batera joatea, tentsio handi batera joatea saiatzen gara. Pop munduan mugitzen gara, baina kontraste horretan. Kontzertu oso dinamikoak eta pixka bat errusiar mendia bezala. 

Diskografiaren barruan kolaborazioak daude. Nola sortu dira? 
Hiru urte gelditu gabe izan dira. Kolaborazioak ezberdina izaten da zuri deitzen dizutenean edo zuk deitzen duzunean. Kilometroaken kasuan berezia izan zen birarekin hasi eta oso hasiera deitu zigutelako. Diskoa abenduan aurkezten genuen eta urtarrilean deia. Plazera izan zen; Kilometroaken joko genuen, Jon Maiaren letra batekin... Errenteria gure bigarren herria bilakatu zen, hainbeste denbora pasa genuela bertan. Izaro eta Neomaken kasuan desberdina da. Letrak, saiatzen naiz, behintzat, modu natural batean sortzen. Gogoratzen naiz bi abestiekin lehenengo borradorea egiten ari nintzela pentsatu nuela abesti horretan oso polita izango zela Neomakek lagunduko balu. Orduan, idatzi behar zaie, probatu; batzuetan lotsagatik edo ezezkoa jasotzearen beldurragatik idatzi gabe gelditzen zara, eta amorru horrekin gelditzen zara. Idatzi nien, baiezkoa jaso nuen, eta nik uste bi abestiek diskoa aberastu zutela. Gainera, oso erraza izan zen beraiekin grabatzea. Esperientzia oso polita. 

Nolakoa izango da Iortiako kontzertua?

"Barrenak mugitu eta hurrengo egunetan bueltaka edukiko duzun kontzertu bat da"

Zuzeneko oso hurbila izango dela uste dut. Saiatzen gara oso hasieratik konexio hori bilatzen, eta normalean topatzen. Barrenak mugitu eta hurrengo egunean edo egunetara bueltaka edukiko duzun kontzertu bat izango da. Bai musikalki bai kontzeptualki muturrera joaten saiatzen gara, eta oso kolpean gainera. Kontzertu dinamikoa eta intentsoa bihurtzen da. Jendeak gozatuko duela espero dut. 

Etorkizunerako zer? 
Urte bukaerara arte eta urte hasieran antzokietan egongo gara. Guretzako esperientzia berria eta oso aberaskorra izan da, lortzen dugulako horrelako isiltasun eta konexio berezi bat plazetan lortzen ez dena. Hurrengo urtean gutxiago joko dugu, arnas txikitxo bat hartzeko; aurten kontzertu asko eman ditugu.