Astekaria

"Aurtengo Gau Beltzaren gaia heriotza izan da"

Maider Betelu Ganboa 2025ko aza. 3a, 14:00

Argiñe Berastegi, Ainhize Ibargutxi eta Erkuden Flores.

Iñigo Aritza ikastola "hemen, gurean egiten zena berreskuratzeko" hasi zen Gau Beltza lantzen eta ospatzen. Urriaren 31ko gau berezian, Argiñe Berastegi, Ainhize Ibargutxi eta Erkuden Flores heriotzaren munduan murgildu ziren

1. Zer da Gau Beltza?
Gure kulturatik beldurrak, heriotza eta gure tradizioak eta errituak lantzeko ospakizun bat da. Iluntasunak daukan erakargarritasun hori aprobetxatzea, txikiak eta ez hain txikiak erakarri eta gure ohiturak lantzeko.

2. Iñigo Aritza ikastolan noiztik hasi zineten Gau Beltza lantzen?
Pandemia osteko urtean. Halloween uholde ikaragarri bat zela ikusten genuen, eta aurre egin behar zitzaiola bai hizkuntzatik –"Truco o trato" sartua zen erabat–, eta bai iruditegitik, janzkera eta apainketa globalizatu bat zekarrelako. Gure ohiturak berreskuratzeko unitate didaktikoak lantzen hasi ginen.

3. Berehala Altsasun Gau Beltza ospatzen hasi zineten.
2021ean kalabaza erraldoi bat sortu zen Altsasun. Guraso talde bat etxeko trapu zaharrekin jantzi, eta kalabaza kioskoan jarri genuen, pankarta batekin. Keinu bat izan zen, baina arreta piztu zuen. Ikastolako Hitzpro proiektuan ekimena jaso, eta 2022tik urtero antolatu dugu. 

4. Zuen herrietan Gau Beltza ospatzen zela entzun diezue nagusiei?
Erkuden: Aita lizerrengotarra da eta kontatzen du arbiak hustu eta etxe sarreran jartzen zirela, gauean beldurra ematen aritzen zirela, eskean... 

Argiñe: Unanuko amonari entzunda, arbiak hustu eta ezkaatzan jartzen zituzten eta kaskezurrak bildu. 

Ainhize: Ondarrun ez diet nagusiei ezer entzun, baina Dima aldean, baserrietan, egiten zuten. 

5. Gau Beltza esaten zitzaion?
Ez, Arimen Gaua izango zen. Gau Beltzarena beranduago sortu zen. Taupa mugimenduaren Gaubeltza.eus webgunetik eta handik eta hemendik informazioa bilduta sortu dugu.

6. Beraz, Gau Beltza ez da Halloween-ari aurre egiteko asmatu den zerbait.
Ez. Hemen ere halako zerbait egiten zen, erroan zerikusirik ez zuena, baina itxuran nolabaitekoa, esan badaiteke. Halloween-a super globalizatuta dagoenez, goazen gurera ekartzera, eta gurea berreskuratzera. Halloween-ak eragin duena da aurretik genuena eta galtzear zegoena berreskuratu dugula, eta espazio hori euskararekin eta gure kulturarekin bete dugula.

7. Hitz jokoetatik hasi zineten.
Bai, Gau Beltza zer zen ezagutarazten, lehen hildakoak gogoratzeko ohitura bat bazegoela, eskean joaten zela, eta esapide ezberdinak daudela, "Xanduli manduli..." bezalakoak. Lehen urtean eskean ibili ginen Altsasun, etxeko trapuekin jantzita, eta argizaiolekin. Pertsonaia batzuk ateratzen ziren, sustoa ematera. Gaztainak banatu genituen, garaiko txutxeak. 

8. Hemen Gau Beltza entzuten da gehiago Halloween baino?
Baietz esango genuke. Hori egin den lanaren emaitza da. Gau Beltza errotzea lortu dugu.

9. Gerora nolako Gau Beltzak antolatu dituzue?
Urteekin aldatu eta garatu dugu. Iluntasunetik eta beldurretatik landu dugu. Iaz ibilbide bat egin genuen herritik aterata. Iluntasunak eta ixiltasunak sortutako suspensearekin polita izan zen. Jendeari asko gustatu zitzaion.

10. Aurtengoa nolakoa izan zen?
Txiokan bildu ginen. Aurtengo gaia heriotza da, heriotzaren itzala. Plazan bukatuko dugu, eta ibilbidea kontakizun edo ipuin bat izan zen, pertsonaia bereziekin eta gertakizunekin, heriotzaren inguruan hausnarketa egiteko. Gure errituak sartzen saiatu ginen. 50 boluntario inguru egon gara prestaketan. DBH-ko ikasleak asko inplikatzen dira: Gau Beltzako bideoa egiten dute, ekitaldian protagonistak ziren...

11. Jendea animatuko zen?
Bai, festa irekia da, ikastolatik herriarendako antolatuta. Ez da umeendako ekitaldia, beldurrak eta heriotzak guztiok ukitzen gaituelako. Bukaeran, txokolatea dastatu genuen.

Erlazionatuak