Sahararen askatasuna eskatu dute

Guaixe 2025ko urr. 31a, 12:07

Mendebaldeko Sahararen askatasunaren aldeko kontzentrazioa. UTZITAKOA

Amerikako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen Mendebaldeko Sahararen "legez kanpoko okupazioa sendotzeko asmoak" salatu zituzten.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluak bilera zuen atzo, lastailak 30. Bilera horretan Mendebaldeko Sahararen Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaz (Minurso) erabakia hartu behar zuten, misioaren epe muga gaur bukatzen baita. NBEk erabakia atzeratu egin zuen, eta gaur hartzea espero da. Deskolonizazio prozesuaren baitan autodeterminazio erreferendumik eginen ez balitz, Marokoren okupazioari bide emanen litzaioke. 

Hori dela eta, Sakana Harrera Haranak deituta, "inperialismoaren kontrako" kontzentrazioa egin zen Altsasun. Sahararekin elkartasuna, dekolonizazioari bai eta Altsasu Sahara askearen alde leloak zituzten pankartak zabaldu zituzten. Bilkuran izan zirenek eskatu zuten "ez gutxitzeko Saharar herriaren autodeterminazio eta independentziarako eskubidea". Ziurtatu zutenez, "saharar herriari debekatzea bere lurrean herri libre eta subirano gisa existitzea krimena da". Horregatik, "krimenaren konplizeak ez izateko" deia egin zuten. 

Aldi berean, azpimarratu zuten "saharar herria eta soilik berak bakarrik da bere etorkizuna libreki erabakitzen duena". Eta nabarmendu zutenez, "ez dugu sekula askatasun eta independentzia eskubideei ez diegu sekula uko eginen". Hori dela eta, adierazi zutenez, "Mendebaldeko Saharan indarraren legea legearen indarraren gainetik ezartzea ez dugu utzik". Ziurtatu zutenez, "ez gara geldituko, ez gara isilduko saharar herriaren askatasuna lortu arte".  

Hitzaldia 
Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri emateko, Sakana Harrera Haranak hitzaldia antolatu du. Errefuxiatutako bi gazte sahararrek hartuko dute hitza. Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen da hitzaldia, azaroaren 7an, ostiralean, 18:30ean.