Astekaria

"Errepresaliatuen memoria kirolaren ikuspegitik lantzen dugu"

Maider Betelu Ganboa 2025eko azaroaren 12a

Osasuna Memoriako Mikel Huarte Alzueta Altsasura hurbilduko da azaroaren 14an. TXALAPARTA

Azaroaren 14an, ostirala, 'Segada, Faxismoak Nafarroako kirol mundua ezeztatu zuenekoa' hitzaldi zikloa iritsiko da Altsasura. Mikel Huarte eta Amaia Urkijo izango dira hizlariak

Segada, Faxismoak Nafarroako kirol mundua ezeztatu zuenekoa izenburupean hitzaldi zikloa antolatu du Osasuna Memoriak Nafarroan, bestelako eragileekin. Urriaren 17an Tafallan izan ziren, azaroaren 7an Tuterara hurbilduko dira, eta hirugarren eta azken hitzaldia Altsasuko Iortia Kultur Guneak hartuko du, azaroaren 14an, 18:00etan. 

Hitzaldian, Osasuna Memoriako Mikel Huarte Alzuetarekin batera, Altsasu Memoriako Amaia Urkijok hartuko du hitza. Lehenak Gerrate Zibilaren eraginez Nafarroan sortutako errepresio egoera eta horrek garaiko kirolariengan izandako ondorioak eta testuingurua kokatuko ditu, eta bigarrenak Angel Balbas eta Manuel Elizalde txirrindularien kasuei erreparatuko die. 

Noiz sortu zenuten Osasuna Memoria eta zein helbururekin?
Suhiltzailea naiz ogibidez, baina 2019an eszedentzian nengoen. Gerrate Zibilari eta Nafarroan sortutako errepresioari buruzko liburu eta elkarrizketetan murgildu nintzen, zaletasunez. Osasuna futbol kluba 1920an sortu zen, eta 2020an mendeurrena ospatu behar zuten. Gerrate Zibilean Osasunako sortzaileetako bi hil zituztela jakina zen, Natalio Cayuela, Osasunako lehen presidentea, eta Eladio Cilveti, bazkide fundatzailea. Nire galdera zen: bi badaude, baina gehiago izan ahal dira, ezta? Denbora nuenez, Osasunako jokalariek eta juntakideek Gerrate Zibilean izan zituzten bizipenak eta informazioa bilatzen hasi nintzen, punk mugimenduaren antzera, hau da: "egintzazu zuk". 

Zaletasun hutsez, beraz.
Aparteko asmorik gabe nire kabuz datuak biltzen hasi nintzen, gaian interesa nuelako. Informazio dezente bildu nuen, errepresioak eragin handia izan baitzuen Osasunan. Katakrak liburutegian futbolaren inguruko aste kulturala antolatu genuen, eta gaia atera zen: errepresaliatutakoen lauzpabost biografia txiki aurkeztu genituen. Ekimenak arrakasta izan zuen, Sadar Bizirik taldetik gurekin jarri ziren harremanetan, eta errepresaliatuei eta haien senitartekoei omenaldia egin zieten 2019ko urrian, Alavesek Osasunaren kontra Iruñean jokatu zuenean. Bitartean, argitaletxe bat jarri zen harremanetan, egindako lana publikatu nahi zutelako. Hasieran ez nuen ikusten, ni ez bainaiz mundu honetara liburuak idaztera etorri, baina informazioa nuen, historia banekien eta nolabaiteko ardura ere banuen, eta aurrera egin genuen. Izugarrizko mobida batean sartu ginen, hiru liburu argitaratu baikenituen 10 hilabeteetan. Ez dakit nola, baina egin genuen.

Zein liburu?
"Rojos, futbol, politica y represion en Osasuna (Mikel Huarte. 2020, Txalaparta); "Ramon Bengaray. Osasuna y republica" (Esther Aldave. 2020, Katakrak) eta "Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela, Osasuna y Justicia (Eduardo Martinezek sinatutakoa, baina hainbat egilerena, Huarte tartean. 2021, Txalaparta). Pertsona batek edo batzuek sinatzen genituen liburuak, oraindik Osasuna Memoria erregistratu gabe genuelako. Nik tiraka, auzolanean idatzi genituen. Osasunaren mendeurrena 2020an zen ospatzekoa, baina pandemiarengatik atzeratu zen, eta hori ongi etorri zitzaigun liburuak bukatzeko. Osasunak, klub gisa, hasieran ez zuen aparteko interesik azaldu, baina Nafarroako Gobernuak oso ongi ikusi zuen hasieratik, eta gero kluba batu egin zen. Horrela, Osasunako errepresaliatutako senitartekoei omenaldi instituzional bat egin zitzaien Baluarten, eta 2021eko urriaren 6an Natalio Cayuelaren liburuaren aurkezpena egin genuen Nafarroako Parlamentuan. Cayuela, Osasunako presidente izateaz gain, legegizona zen, sozialki oso aktiboa. Autobus geltoki zaharreko erlojuan estalita egon zen sei hilabetez, eta ondoren fusilatu zuten. Berak 20 urtez Audientzian lan egin zuen, eta gaur Parlamentua hartzen duen toki horretan bertan bere liburua aurkeztea oso pozgarria izan zen. 

Madrilen Senatuan aurkeztu zenuten liburua, 2022ko otsailean, Natalio Cayuelaren senitartekoekin.
Bai, hala da. Senatua legeak onartzen diren tokia denez, gure apaltasun guztiarekin gure lana aurkeztera joan ginen, Cayuelaren figura gogoraraztera. Bestalde, lana Madrilen aurkeztearekin Osasuna Memoriatik gure nahia zen Madrileko bertako klubak animatu eta euren klubetan ikerketa lana abiatzea. Hori baita gure fundazioaren xedea. 

Gerrate Zibilak eta errepresio frankistak kirol munduan izan zuen eragina aztertzea, ezta?
Nolabait esanda, bai. Kirol modernoa, edo new sport deiturikoa, Ingalaterratik zetorrena, XX. mendearen hasieran iritsi zen. Primo de Riveraren diktaduraren garaiak ziren eta lehendabiziko klubak burgesek sortu zituzten, goi mailakoek, baina ideia politiko berriak zituen jendea sartzen hasi zen, eta berehala kirol herrikoiak bilakatu ziren; errepublikarren, abertzaleen eta ezkerreko jendartearen artean kirol elkarteak euren ideologia, antolatzeko eta elkartzeko modu bat izan ziren. Garai haietan Club Natacion, Osasuna, Izarra, Tudelano, Peña Sport, Ibarrea... taldeak sortu ziren. Azken hau Altsasukoa zen. Futbol taldea zuen, baina txirrindulariak, pilotariak eta beste biltzen ziren. Txirrindularitza lasterketak, pilota partidak, futbol partidak, atletismo probak... masa ikuskizun bilakatu ziren, eta politikarako gunea. Sakanan ere garai hartan kirolari asko zeuden. Talde horiek ikertu ditugu, eta klub horietako makina bat jende fusilatu zituzten. Izan ere, kirolean zebiltzan bitartean, kulturgintzan zebiltzan, edo politikan. "Mugimendu Nazional Loriotsu"-arekin bat egin ez zuten guztiak gorriak zirela zioten frankistek, eta atxilotu, fusilatu edo inhabilitatu zituzten. Politikagatik errepresaliatu zituzten, egia da, baina guk euren memoria kiroletik atera dugu plazara; kirolaren esparrua aztertzen dugu. Kargu publikoetan edo politikan zeudelako hil zituzten, baina kirolariak ere baziren, eta euren historia bildu nahi dugu. Osasunarekin hasi ginen justu bere sorreraren mendeurrena zelako, baina beste kiroletara egin dugu salto eta gutxika kirol guztiak aztertzea da gure nahia. 

Kirolarien memoria biltzea.
Hala da. Orain arte politikaren edo gizarte kontuekin lotuta landu da memoria, eta oso ongi dago, baina gure ikuspegitik, kiroletik, ez da egin. Dena den, guk ez dugu ezer asmatu, beste herrialde batzuetan egin delako. Alemania, Ingalaterra, Argentina... bertako futbol taldeek badute beren memoria lana egina. Bigarren Mundu Gerrateak edo diktadurak desagerrarazitako futbolariak eta memoria jasoa dute. Hemen, ordea, frankismoarekin ezinezkoa zen, eta orain arte ez da landu. Beste talde edo klubei hala egin dezatela animatzen diegu.

Argi dago: kirola eta politika bat doaz.
Zalantzarik gabe. Ildo honetan, 1936ko Bartzelonako Herri Olinpiadak ekarri nahi nituzke gogora. 1931n Bartzelonak eta Alemaniak lehia bizia izan zuten 1936ko Olinpiar Jokoak lortzeko; Alemaniari ematea erabaki zen. 1933an Hitler boterera iritsi zen eta Olinpiadak herentzian jaso zituen, nolabait. Goebbels-ek berehala esan zion oso aukera ona zela euren ideologia, nazismoa, munduan zabaltzeko. Berehala konturatu ziren kirolak duen botereaz, 1930. urtean Mussolini Futboleko Mundialetan faxismoa hedatzeko primerakoa zela konturatu zen bezala. Edo gaur egun israeldarrek futbol, saskibaloi eta txirrindularitza taldeak sustatzen dituztenean bezala. Zerbaitegatik sortzen dituzte, euren mezua barreiatzeko. Zentzu honetan, palestinarrek eta sionista ez diren israeldarrek Espainiako Vueltako boikoteko protestak babestu zituzten, mundua gurutzatu zutenak. Historian paralelismo handiak daude. 

Bartzelonako Herri Olinpiadez ari zinen.
1936ko Olinpiar Jokoak Hitlerren agindupean jokatu ziren, baina nazismoari kontra egiteko, eta alternatiba gisa, Bartzelonako Herri Olinpiadak antolatu ziren, 1936ko uztailaren 19tik 26ra jokatzekoak zirenak. Generalitatea eta Espainiako Errepublikako Gobernua izan ziren Berlineko Joko Olinpiarrei boikota egin zieten bakarrak. Bartzelonako ekimenak arrakasta itzela izan zuen, 22 herrialdetako 6.000 kirolari baino gehiago parte hartzekoak zirelako, Berlinen aritu ziren 3.900 kirolariren aldean. Ez ziren soilik estatuak lehiatzen, herrialdeak ere bai. Nafarroak bere ordezkaritza bidali zuen. Tamalez, uztailaren 18an piztutako altxamenduak guztia zapuztu zuen. Osasuna Memorian ikerketa lana egin genuen Bartzelonara hurbildu ziren nafarrei buruzko historia jasotzeko. Uztailaren 18an, 17:00etan abiatu ziren kirolariak, trenez, Iruñetik, baina Bartzelonako harrera "tiro saltsa" izan zen, Baldomero Baron Club Natacion Pamplonako sortzailearen hitzetan. 2026an Gerraren hasieraren eta Olinpiada frustratu horien 90. urteurrena da, eta ziur gogoratuko dituztela.

Tartean, Justiniano Andiarena Monton txirrindulari altsasuarraren historia jaso zenuten.
Justiniano Andiarena Monton (Altsasu, 1912) Union Ciclista Navarra taldeko txirrindularia zen. 1934ko uztailaren 29an Nafarroako Txapelketa irabazi zuen eta Iruñeko Zirkuitua eta Urrestillako lasterketa ere irabazi zituen. Aurretik Lizasokoan gailendu zen eta Burgosen eta Zamoran ere hainbat probatan parte hartu zuen. Gerrate Zibila nola bizi zuen, zer gertatu zitzaion, ez dugu jakiterik izan. Bere anaietako bat, Benedicto, irakaslea, prozesatu zuten eta 30 urteko kartzela jarri zioten matxinatzeaz akusatuta. Bartzelonan zendu zen, 1979an. 

SEGADA
"Segada, Faxismoak Nafarroako kirol mundua ezeztatu zuenekoa" kirol zikloa martxan duzue.
Orain arte ikerketan murgilduta egon gara. Liburuez gain, 30-40 monografia txiki inguru prestatu ditugu. Zikloarekin ikerketatik atera nahi dugu pixka bat, eta dibulgazioan murgildu. Aurten Peña Sporten urteurrena denez, Tafallara jotzea erabaki genuen lehenik eta behin. Oso hitzaldi polita izan zen, Peña Sporteko presidente Jose Alfaro zenaren biloba hurbildu zelako. Tafallan errepublika proklamatu zuena Alfaro bera izan zen, eta atxilotu zuten. Solchaga jeneralak kartzelatik atera zuen, eta erbestera joan behar izan zen. Biloba hunkituta zegoen historiarekin; honek zentzu guztia ematen dio gure lanari. Azaroaren 7an Tuterara hurbilduko gara, Union Tuterarekin. Kirola eta euskara bultzatzen duen talde gaztea da, eta Tuterako memoria landuko dugu. Azaroaren 14an azken hitzaldia Altsasun egingo dugu, garai haietan Altsasu kasu bitxia zelako, kirolean eta politikan. Garaiko testuinguru orokorra aipatuko dut, eta Altsasu Memoriako Amaia Urkijorekin batera Angel Balbas eta Manuel Elizalde garaiko txirrindularien kasuaz ariko gara, garaiko legatu gisa. Guztiak gonbidatuta zaudete.