Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) Iortia kultur gunea altsasuarren bilgune bihurtu du. Izan ere, kultur guneko aretoetarako pasabidean argazki erakusketa jarri du. Erakusketak jendearen jakinmina sortu du eta hainbat dira argazkiak ikustera joan direnak. Bisitariek, apika, bere burua, senide edo lagunak irudietan ikus ditzakete dendan edo haren ondoan.
ADEko buru Maru Garcia Romanek azaldu duenez, "kanpaina egin dugu tokiko jendea merkataritza sentsibilizatzeagatik. Eta Altsasun merkataritzak izan duen ibilbidea erakusteagatik. Jakina, erakusketaren bidez Altsasuko Historiaren zati bat erakusten ari gara, merkataritza herriaren Historiaren parte baita". Hainbat argazki ikusita belaunaldi transmisioa izan dela eta familia negozioak segitzen duela ikus daiteke. "Momentuz, erreleboa izan da hainbat dendatan. Ikusiko dugu besteok badugun. Zeren, benetan, Altsasun merkataritzak funtziona dezake. Urtetan oso ongi funtzionatu du. Oraindik ere funtzionatzen dugu. Jakina, ez da garai bateko sasoia. Ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara. Eta erakusketa bakarren batek merkataritzaren alde egiteko motibatzen badu, ongi etorria. Tokikoaren aldeko apustua egin behar da, kaleei bizia eman behar zaie". Gaineratu duenez, herrian denda izanda ere, "modernoa izan zaitezke, teknologikoki digitalizatuta izan dezakezu negozioa. Eta, aldi berean, saltoki bizi bat izan dezakezu, zeinetan gertuko harreman zuzena ez den galtzen".
Aldaketak
ADEko kideak gaineratu duenez, "argazkiei erreparatuta herrian izan diren aldaketak eta ohitura aldaketak ikus daitezke. Egunerokoan ez gara aldaketez jabetzen, baina hamarkada batzuk atzera begiratzean ikusiko dugu nola zeuden kaleak, non aparkatzen zen, zer ibilgailu zeuden, janzkerak, eskaparate motak, denden izenen kartelen estetika... Dena". Garciak nabarmendu duenez, gustatzen zait ikustea eboluzionatzen joan garela. Dendaren batzuk, gutxienak, garai bateko estetika horri eusten diote, baina gehienak, pixka bat edo gehiago, pixka bat gutxiago, pausoak ematen ditugu, egokitu eta berritu gara . Irudi eguneratuagoa eta hobea sortu dugu".
Erakusketa "Altsasun merkataritza beti bizirik egon dela esateko modu bat da. Era berean, esan nahi genuke bizirik jarraitu nahi dugula". ADEkoak zehaztu duenez, "askotan altsasuarrok ez dugu herriko merkataritza gehien estimatzen, apika, askoz gehiago estimatzen gaitu aldameneko herrietatik etortzen den jendeak. Hurbiltasun hori izatea baloratzen dute, kontaktu zuzena, produktua uztearena, harreman pertsonalak. Merkataritzak herriari bizitasun handia ematen dio", ziurtatu du. Garciak herriko dendei "beldurra galdu eta harritzen uzteko" eskatu du. "Izan ere, askotan uste dugu bilatzen ari garena ez dugula Altsasun aurkituko. Askotan gertatu da Internetez erostera herrian bertan eskura duzun zerbait".
ADEko buru Maru Garcia Romanek azaldu duenez, "erakusketa desberdina den kontzientziazio edo sentsibilizazio jarduera baten zati bat da. Jarduera horren bidez denboran atzera egiten dugu eta, aldi berean, belaunaldi berriekin ere konektatzen saiatzen gara". Erakusketaren aurretik, lastailaren 14an, Altsasuko hainbat merkataritza lokalen ondoan QR kodeak zituzten kartelak jarri zituzten, bai zabalik dauden lokalen ondoan, bai itxita daudenen ondoan ere. "Jendeak kodeak eskaneatuz gero lokalaren aspaldiko argazki bat edo bertako jabeen aspaldiko argazkiak ikus zezakeen", argitu du Garciak. Jakinarazi duenez, kanpaina horrek oihartzuna izan du, "bideoaren bistaratze asko izan baitira".

Joselen dendaren Garai bateko argazkia. ADE