Emakumezkoen hirugarren mailako zazpigarren jardunaldian Altsasuk Valle de Aranguren taldea hartu zuen Dantzalekun eta altsasuarrek merezitako garaipena lortu zuten, denboraldiko lehena, ikusgarri jokatu ondoren. Bi taldeek lehia bizia izan zuten. Ana Boarrek 13. minutuan Altsasu aurreratu zuen, eta horrek konfiantza eman zion taldeari. 36. minutuan bana berdindu zuen Arangurenek, baina Altsasuk ez zuen behera egin. Are gehiago, 2 minutuko tartean bi gol sartu zituzten gorritxoek, Eider Vicentek 39. minutuan eta 40. minutuan sartutakoak. Horrela, atsedenaldira 3-1 aurreratuta iritsi ziren.
Bigarren zatian oraindik gosez atera ziren altsasuarrak eta gol festak segida izan zuen, Elene Anduezak, Laida Garziandiak (2) eta Eider Vicentek, azken honek hat-tricka, egin zituztelako. 7-1 irabazita, denboraldiko lehen garaipena gogoz ospatu zuten altsasuarrek.
Mulier da hirugarren mailako liderra (21 puntu). Altsasuk sailkapenean gora egin du eta hamargarren da (5 puntu). Zortzigarren jardunaldian Altsasuk Lagunak taldea izango du aurkari azaroaren 16an, 17:00etan, Barañaingo Lagunak-en.