Joaquin Regales Sierrak 100 urte bete zituen asteartean. Egunero bezala, goizean eta arratsaldean, jubilatu elkartetik pasa zen, eta han lagunekin ospatu zuen.
Madrilen sortua, bi hilabete zituela familia Escorialera joan zen bizitzera. Ama gaixotu egin zen eta Gredos mendilerroko Pedro Bernardo herrira bidali zuten, aitona-amonekin bizitzera, bizpahiru urteren ondoren Escorialera bizitzera bueltatzeko. Trenbideko langile familiakoa, 1940tik bizi da Altsasun. Hasieran geltokian, baina 1957tik Altzania kaleko pisu batean bizi da familia. Teodora Iza Huizi etxarriarrarekin ezkondu eta bi seme izan zituzten: Jokin eta Mikel.
Regales, egunero esnatu eta gosaldu ondoren, bazkaria prestatzen hasten da. Eguerdian jubilatuen elkartera joaten da, etxera bazkaltzera bueltatzeko. Elkartera arratsaldeetan bueltatzen da, orduan lagunekin tutean aritzeko. Joan-etorri horiek lagunduta egin behar izaten ditu orain. Duela gutxira arte baratza gobernatu du, orain begiratzera besterik ez doa.
Renfen lan gutxi egin eta gutxi kobratzen zen. Horregatik, 20 urtez Renfen eta Suarez anaien fundizioan lan egin zuen, azkenean, fundizioan gelditzeko. Ondoren, Ochoa de Eribe enpresan aritu zen eskularruak egiten.