Futbola

Altsasuk puntu bat ekarri zuen Zizurtik

Guaixe 2025eko azaroaren 18a

Gizonezkoen preferente mailan bigarren partida jarraian berdindu zuen Altsasuk

Preferente mailan hamargarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Zizurren jokatu zuen, Ardoi B taldearen kontra. Gauzak ongi hasi ziren Altsasurendako, Unai Calvok 10. minutuan gola sartu baitzuen. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen eta 24. minutuan bana berdindu zuen Ardoi B-k. Atsedenaldiaren ondoren berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak. Jon Lopez de Goikoetxeak poz handia eman zien altsasuarrei 61. minutuan taldea 1-2 aurreratu eta gero. Alde gehiago ateratzen saiatu zen Altsasu, baina Ardoi izan zen bina berdindu zuena. Azken minutuetan abantaila hartzen saiatu ziren bi taldeak, baina partida 2-2 eta puntu banaketarekin despeditu zen. 

San Jorgek jarraitzen du lider (24 puntu), Amigo taldeari 5 puntu aterata (19 puntu). Altsasu erdialdean dago, bederatzigarren (13 puntu). Azaroaren 23an, 18:15ean, Altsasuk sailkapenean seigarren eta arerio zuzena den Aibares taldea hartuko du Dantzalekun.