Futbola

Altsasu, bigarren garaipena jarraian

Guaixe 2025eko azaroaren 18a

Emakumezkoen hirugarren mailan Altsasuk bide zuzenean jarraitu du

Emakumezkoen hirugarren mailan zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Barañainen jokatu zuen, Lagunak taldearen kontra. Bi taldean nor baino nor lehiatu ziren baina altsasuarrak oso fin aritu ziren eta Maddi Mariñelarenak, lehenengo, eta Ainara Macusok, bigarren, 0-2 aurreratu zuten Altsasu. Hurrengo minutuan 1-2 gerturatu zen Lagunak, baina atsedenaldira arte markagailua ez zen gehiago mugitu. Bigarren zatian bi taldeen lehia estuak segida izan zuen. Lagunak taldeak bina berdintzea lortu zuen eta partida are gehiago estutu zen. 83. minutuan Eider Vicentek Altsasuren hirugarren gola sartu zuen eta 2-3 aurreratu zuen taldea. Altsasuk bukaerara arte aldea mantentzea lortu zuen eta hiru puntuak etxera eraman zituen, denboraldiko bigarren garaipena lortuaz. 

Mulierrek jarraitzen du emakumezkoen hirugarren mailako lider, partida guztiak irabazita (24 puntu). Altsasu zortzigarren postura igo da (8 puntu). Bederatzigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean bigarren den Osasuna B Fundazioa hartuko du Dantzalekun. Partida azaroaren 23an jokatuko da, 15:45ean.