Altsasuko Udalak Altsasu berdin izeneko parte-hartze prozesua abiatu zuen garagartzaroan. Horretan Hiri.Dunak taldekoen aholkularitza teknikoa jaso zuen udalak. Altsasuko hirigintzari betaurreko moreekin begiratzeko ariketa izan da, ondorioak udal plangintzan txertatzeko. Bukatzeko, jendaurreko aurkezpena egin zuten azaroaren 24an.

Altsasuko Udalak zergatik abiatu zuen 'Altsasu berdin' parte hartze prozesua?
Amaia. Parte hartze prozesu hori udalaren berdintasun ordenantzan eta berdintasun planean jasotako neurri bat zen. Emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna leku guztietara iristeko lan horretan hirigintzari heldu beharra zegoen. Hortik sortu zen parte hartze prozesua.
Hirigintza ez da neutroa?
Koldo. Bizi honetan oso gauza gutxi daude neutroak. Eta hirigintza, edo elkarrekin bizi ditugun espazioak, gutxiago.
Nola eragiten du neutraltasun ezak berdintasunean?
K. Dauzkagun herri eta hiriak ez dira gaur hartutako erabakien ondorioa, baizik eta urtetan hartutako erabakien ondorioa. Eta erabaki horiek guztiak zentzu produktiboan hartu dira. Azken urtetan hiriak antolatzeko orduan lehen mailan jarri den beharra izan da autoak batetik bestera mugitzea, etxetik lantegira joatea. Eta eguneroko bizitza ahaztu zaigu: umeak ikastetxera eramateko bideak, medikura joateko bideak, kalean elkar zaintzeko tokiak... Beharbada autoei, makinei, toki gehiegi egin diegu eta pertsonendako, elkarrekin egoteko eta elkar zaintzeko toki gutxi antolatu ditugu.
Nola daude lotuta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna eta hirigintza?
K. Emakumezkoek eta gizonezkoek tradizionalki egin dituzten rolekiko loturak dira. Jaso dugun heziketarekin du lotura: emakumezkoek kalean beldurra daukate. Ez gauza bereziki ikaragarriak gertatzen direlako. Baizik eta kulturalki beldur hori izateko prestatuak izan direlako. Gizonezkook, berriz, libreki mugitzen gara espazio publikoan, eta beldurrarekiko beste pertzepzio bat daukagu. Gehiago da zein jarrerarekin mugitzen garen kalean. Berez, hiria ez dugu emakumezkoek izan dituzten rol horietarako antolatu, erreprodukzioaren edo bizitzaren beharrak asetzeko. Hiriak antolatu ditugu ekonomia jardunari etekina ematen dioten lanak egiteko. Maitasuna edo elkar zaintzeko lanen logika bigarren mailan gelditu dira. Horrek gure rol erabileratan emakumezko eta gizonezkoen arteko desberdintasunak sortzen ditu.
Udalean horren premia ikusi zenuten? Edo kexarik jaso zenuten?
A. Nabaritu dugu udal ekipamendu, eraikin edo eremu batzuetatik emakumezkoak ez direla pasatzen, edo beste ibilbide batzuk erabiltzen dituzte. Zaintza rol hori dutenez, emakumezkoek haurren orgatxoekin eguneroko ibilbidean dituzten zailtasunen inguruko kexak izan ditugu, arkitektura oztopoak eta bestelakoak identifikatzen dituzte. Kexa horiek entzunda, eta eremuen azterketa eginda, konturatu ginen genero aldetik irakurketa egin beharra zegoela. Hiri antolakuntzan, hirigintzan, genero ikuspegia txertatu beharra dago, eragin ahal izateko, eta bizimodua errazteko. Gainera, neurri hori udalak daukan berdintasun ordenantzan dago. Eta hori bete beharra dago.
Parte hartze prozesua nolakoa izan da?
K. Saiatu gara ahalik eta jende gehienarekin biltzen. Alde batetik, zeresana daukan jendeari ahotsa ematen. Baina, baita ikuspuntua segurtasunetik harago zabaltzen ere. Eguneroko bizitzarako hiri egokiagoa sortzeko parte hartze saioak egin ditugu. Udaleko politikari eta teknikariekin egon gara. Emakume taldeekin beste saio bat egin genuen. Eta herritarrekin ere saioak egin ditugu. Saio horietan ikuspuntua ezartzen saiatu gara, eta hortik Altsasu bera aztertzen eta eguneroko bizitza nola bizi duten jasotzeko planoetan eta idatzietan. Jendeak bere iritzia emateko, Iortia kultur gunean plano batzuk jarri genituen. Adjektibo bidez Altsasuko espazio publikoa nola bizi zuten adierazi zuten. Guk azterketa teknikoak ere egin ditugu. Guztiarekin diagnosia eta proposamenak egin dira.
Parte hartzearekin pozik zaudete?
K. Gai hauetan aurreneko parte hartzea da eta proiektu xumea da. Geneuzkan espektatibak uste baino gehiago ase dira. Emaitzak udalari eta teknikariei aurkeztu dizkiegu. Uste baino gauza logikoagoak, eta ondo jasotako proposamen eta aldaketak izan dira.
A. Parte hartzearekin nahiko gustura gelditu gara. Udalarekin, teknikariekin edota mugimendu feministarekin bilerak egiteak ahalbidetu du iritzi desberdinak jasotzea, beste modu batera jasoko ez genituzkeenak jaso ditugu.
Diagnosian nola ageri da Altsasu?
K. Euskal Herrian dauzkagun herri eta hiri gehienak bezala ageri da Altsasu: desorekatuta. Dauzkan zerbitzu eta dotazioengatik oso ongi dago. Baina zerbitzu horiek elkarrekin lotuta nola dauden, zer oinezko bide dauden, herriaren ibilgarritasun mailan, horietan ez dago hain ongi. Altsasu autoz beteta azaltzen zaigu. Eta, orokorrean, pertsonek behar luketen espazioa autoek nahi baino gehiago hartzen dute.
Beraz, udalarendako etxeko lanak?
K. Proposamenak egin ditugu. Begirada txertatzea eta estrategiak ezartzea. Azken horien artean daude autoen tokian naturari toki pixka bat egitea. Kaleetan zuhaitz ilarak sartzea, beroaldietarako toki atseginagoak lortzeko. Autoak mantsoago mugitzeko proposamenak. Eta pertsonak ibili eta elkar topatzeko tokiak. Espazioek funtzio bakarra bete beharrean funtzio ugari bete ditzaketen espazioak sortzea. Halako proposamenak egin ditugu.
Udalaren hurrengo pausoa zein izanen da?
A. Egiteko batzuk daude. Agian ez oso aldaketa handiak, edo inbertsio handikoak. Hori guztia hirigintza planean eta herria antolatzeko moduan nola txertatu aztertu behar da. Prozesu honek eman du hirigintzako erabakietarako ikuspegi zabalagoa izatea, eta kontuan izatea landutako guztia. Berdintasun ikuspuntua txertatzea bai, baina zaintzak erdigunean jartzea, eta hortik eragitea.
Zehar lerroa izanen da udal hirigintza politiketan?
A. Hori da helburua. Gainera bete beharrekoa da, ordenantzan hala jasota dagoelako.
Eta altsasuarrek izan dute honen guztiaren berri?
A. Bai. Altsasuar guztiendako saio irekia antolatu genuen Gure Etxea eraikinean azaroaren 24an. Bertan diagnosiaren eta prozesuaren berri eman genuen. Ondoren Altsasun barna ibili ginen aipatutakoak ikusteko.