Altsasuko Udalak udaletxea eraberritu eta handitzeko lanen lehen fasea emateko deialdia egin du. Obra bere egin nahi duenak abenduaren 9ko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Lana eskuratzen duen enpresak hamar hilabete izanen ditu egin beharrekoak despeditzeko. Lehen faseak 1.279.161,32 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Obra finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuetatik 300.000 euro jasoko ditu zuzenean. Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa bati esker izan zen hori. Bestetik, finantziazio gehiago lortzeko, Altsasuko Udalak foru administrazioaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdira eskaera aurkeztu zuen. Eta ebazpenaren zain dago.
Lanen bigarren fasean udaletxea atzeko aldean handitzea aurreikusi da. Horretarako udalak berak hirigintza plan berezia onartu du, jendaurrean dago gaur egun. Udalaren asmoa da atzeko aldean eraikina egitea eta udal artxiboa han kokatzea.
Udalak udaletxea zaharberrituz eta handituz zerbitzu egokia eman nahi du. Hasteko, lanekin artxibo egoki bat lortu nahi du, gaur egungoa ganbaran baitago eta beheko solairuan jarri nahi du. Bestetik, jendeari harrera egiteko espazioa eta langileria eta ogasunaren espazioak bereizi nahi ditu udalak. Udaltzaingoarendako aldagelak, armategia, atseden gunea eta bilera gela egin nahi ditu. Lehen eta bigarren solairuan aireztatze eta argi naturala ez duten bulegoak daude. Hori konpondu nahi du udalak. Bestalde, udal taldeendako espazio egokiak egin nahi ditu eta, azkenik, udaleko informatika zerbitzariendako eta sareko bestelako tresnendako espazio egokia sortu nahi du.
Egitasmoa
Altsasuko udaletxeak behe hiru solairu eta ganbara ditu, guztira 1.101,00 m2. Atzeko aldean ia aurri egoeran dagoen 36 m2ko eraikin bat du. Eta udaletxearen aldamenean ia aurri egoeran dagoen 176 m2-ko beste udal eraikin bat dago. Udaletxea berritzearekin batera, beste bi eraikinak bota eginen ditu udalak.
Beheko solairuan herritarrekin harreman gehien duten zerbitzuak jarriko dira: jendearendako arreta eta Udaltzaingoa. Biak ezkaratzaren ondoan egonen dira. Baina udaltzaingoaren zerbitzuak udaletxearen iparraldean dagoen eta botako eta berria jasoko den eraikinean ere izanen dira. Horrek bi solairu izanen ditu. Ogasun eta langileria saila behe solairuan egonen da, baina ezkaratzetik urrunago. Handik artxibo berrirako sarbidea egonen da, eraikin berri batean egonen dena. Sail horren eta jendearendako arreta zerbitzuaren artean telekomunikazio gunea egonen da. Beheko solairuan komun egokituak eta etxarterako atea egonen dira ere.
Lehen solairuan alkatetzaren eta idazkaritzaren bulegoak egonen dira. Biak bereizita egonen dira, baina elkarrekin komunikatuta. Lehen solairuan ere bileretako bi gela eta udaleko giza baliabideen arduradunaren bulegoa egonen dira. Bigarren solairuan, berriz, hainbat gela izanen dira, baina elkarrekin komunikatuta daudenak. Haietan langileak egonen dira. Espazio horien artean komunikazio tresnak egonen dira.
Azkenik, ganbarak udaleko talde politikoen bulegoak hartuko ditu. Hala, talde bakoitzak bere jardunerako espazio independente bat izanen du. Gainera, komunak eginen dituzte. Ganbaran informatika zerbitzarien gela jarriko dute.