Eguberrirako haurrendako aisialdi programa izanen da

Guaixe 2025eko azaroaren 27a

Haurrak gaztetxoko ondoko kirol pistan. ARTXIBOA

Udalak Txantxari ludotekaren bidez egin du eskaintza.

Familia bizitza eta lana kontziliatzeko garaian gurasoek erraztasunak izan ditzaten, Altsasuko Udalak, Txantxari ludotekaren bidez, eguberritako Aisiaz Blai programa prestatu du. Neguko oporretan haurrak klaserik ez dute, eta zenbait etxetan familia ardurak eta lana uztartzeko zailtasunak izaten dira. Horren jakitun, Txantxari udal ludotekak kontziliazioa errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du neguko oporretan: abenduaren 22, 23, 24, 26, 29, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2, 5 eta 7an. 3 eta 12 urte arteko haurrek (2013 eta 2022 artean jaioak) ludotekan 08:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen litzateke.

Aisiaz blai programan izena emateko epea abenduaren 2ra arte zabalik dago. Horretarako, 948 012 012 telefonora hots egin behar da 08:00etatik 18:00ak bitartean, edo altsasu.eus web orriko galdetegia bete. Matrikulari dagokionez, familien diru sarreren, errenta aitorpenaren arabera hamaika prezioko taula osatu du udalak. Gainera, zenbait familiari hobariak eskuratzeko aukera emanez. Argibideak nahi dituenak Txantxari udal ludotekan jasoko ditu, 948 467 471 telefonoan edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidean.