Bidegorria egiteko lur desjabetzak eginen ditu udalak

Guaixe 2025eko azaroaren 27a

Autobusa ikastetxerantz. ARTXIBOA

Espedientea jendaurrean abenduaren 17ra arte egonen da, ukitzen dituela uste dutenek bidezko jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. 

Herrigunea Iñigo Aritza ikastola eta Altsasu Institutuarekin eta Dantzalekurekin lotzeko bidegorria eginen du Altsasuko Udalak. Aipatu tokietara daraman bidearen eskuin aldetik eginen du bidegorria udalak. Lan hori egiteko, lurrak desjabetzeko eta bereganatzeko espedientea egin du Altsasuko Udalak. Zehazki sei lur jaberi 349,84 metro karratu desjabetuko die. Haietako hiru lursail belardia dira, beste bat lehorreko lurra eta beste bi lursailetan askotariko zuhaitzak daude. 

Bidegorriak 1,38 km-ko luzera izanen du eta lan hori egiteko udalak 390.467 euroko aurrekontua du. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, 312.374 euroko dirulaguntza emanen dio.