Abenduaren 8a, festa eguna eta, Altsasun, atletismo eguna. Zubeztia Elkartea Lasterketak aurten 44. edizioa izango du eta 4. Candi Arnanz Memoriala izango da, horrenbeste urtez antolatzaile eta aurretik korrikalari izandako altsasuarraren oroimenez.
Zubeztia lasterketa 10 km-ko proba da, Altsasuko herri guneko kaleetan jokatzen dena eta herrikoia dena, ate joka datozen San Silvestreak prestatzeko ezin hobea. Lasterketa 11:00etan abiatuko da Zubeztia elkartearen paretik, eta udaletxe aurrean despedituko da. Ondoren auzate bikainaz gozatuko dute korrikalariek aipatu elkartean, eta sari banaketa bertan izaten da. 16 urtetik 70 urterainoko korrikalariek har dezakete parte, eta izena ematea zabalik dago Dantzaleku Sakana atletismo klubeko webgunean (5 euro). Lasterketa egunean izena emateko aukera egonen da (8 euro).
Joan zen urtean 122 korrikalari zeuden izena emanda eta horietatik 85 animatu ziren irteerara, euria eta hotza izan baitziren nagusi. Gizonezkoetan Xabier Sanchez (32:46) gailendu zitzaion Asier Estarriaga etxarriarrari (32:47), eta emakumezkoetan Diana Vecillas (37:03) Izaskun Beunza olaztiarrari (37:46). Ines Moreno altsasuarrak osatu zuen podiuma (39:08).
Altsasuko trilogia
Altsasun hiru lasterketa jokatuko dira abenduan eta hiruretan Dantzaleku Sakana kluba ariko da prestatze lanetan. Lehena aipatutakoa da, Zubeztiakoa. Bigarrena abenduaren 21ean jokatuko da, Altsasuko Krosa, aldi berean Nafarroako Banakako Kros Luzeko Txapelketa izango dena. Eta azkena, abenduaren 31ko 47. San Silvestrea.
Espainiako Txapelketa eta beste
Korrikalari sakandarrak oso aktibo egon dira egunotan. Asko Donostiako Zurich Maratoian lehiatu ziren azaroaren 23an, eta harekin batera antolatutako 10 km-ko proban. Hainbat lasterketa jokatu dira, eta tartean Maite Beregaña uhartearra hirugarren beteranoa izan zen Artaxoako XXIII. San Saturnino Sarian. Burgosen, Espainiako Kluben Arteko Txapelketa jokatu zen, XXI. Atapuercako Krosa. Izaskun Beunza 39. sailkatu zen, Israel Arbizu 166. eta Mikel Astiz 191.