Urtero bezala aurten ere Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Altsasuko Ferietako Argazki Rallya antolatu zuen urriaren 19an, Herriz Herri Txapelketaren barne dena. Honekin 39. edizio izan dira mendizale taldeak antolatu dituenak, eta aurreko urteetan sari banaketa egunean bertan egin bazuen ere, aurten sari banaketa ospakizun egunetik atera dute eta azaroaren 22an, larunbatean, egin dute. Mendigoizaleen egoitzan bildu ziren taldekideak, epaimahaikideak eta irabazleak. Datorren urtean argazki rallyaren 40. urteurrena izanen da, eta antolatzaileek "sorpresak" egonen direla aurreikusi dute.
Argazki Rallyan egunean bertan jakinarazten dituzte argazkilariek hartu behar dituzten irudiak; hortaz, bost gai aipatzen dituzte: Altsasu, erretratoa edo aurpegia, berria-zaharra, animaliak eta tradizioa. Goizean zehar parte hartzaileek ferialekutik eta herritik bost irudi horiek atera eta jarduna amaitzean entregatu behar dituzte.
Saridunak
Aurtengo edizioan 45 parte hartzaile egon ziren argazkiak ateratzen, eta aurreko larunbatean egindako sari banaketan jakinarazi zituzten irabazleak. Bilduma hoberenaren saria Legazpiko Gorka Gomezendako izan zen, trofeoa, 150 euro, eta oparia; Gomez ez zen sari banaketan egon. Bilduma hoberenaren bigarren saria Legazpiko Gurutze Langarikarendako izan zen, trofeoa, 100 euro eta oparia, eta ezin izan zuen ekitaldian egon. Hirugarren bilduma hoberena Irungo Ruben Cacereserena zen, eta 60 euro, trofeoa eta oparia eraman zuen, eta ez zuen zuzenean saria jaso. Altsasuko argazkirik onena Lazkaoko Asier Ruizek egin zuen eta trofeoa eta oparia irabazi zituen.
Haurren kategorian, bilduma hoberenaren saria Zizurko Namikari Barrosek irabazi zuen, trofeoa eta saria, eta ez zen sari banaketa ekitaldian egon. Bestetik, bigarren eta hirugarren bilduma hoberenen sariak Altsasun gelditu ziren eta Unai Arratibel Lakuntza eta Mikel Arratibel Lakuntza anaiek irabazi zuten; trofeoa eta oparia jaso zuten sari banaketa ekitaldian.