Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak, AEKko Itxesi euskaltegiak eta Nafarroako Gobernuak Lur Gallastegiren literatur solasaldia antolatu dute, abenduaren 16an, asteartea, 18:30ean, Iortia kultur gunean. Zurriola Beach Hostel liburuaren inguruko solasaldia izanen da, eta besteak beste euskaltegiko ikasleak eta Mintzakideko parte hartzaileak daude solasaldian parte hartzeko gonbidatuan; hala ere, sarrera librea da eta nahi duenak parte har dezake; aurretik baieztatzeko mezua bidali behar da euskara1@sakana-mank.eus helbidera.
Lur Gallastegi Zendegi bizkaitar idazlea da, itzulpengintzan lizentziatua eta ingeleseko irakaslea ogibidez. 2018. urtean Mikel Zarate Haur Literaturako Saria irabazi zuen Saharako itsasoa liburuarekin, eta azken bi urteetan Kakao zaporeko gauak, Bahiketa jolas parkean, Maskara lapurtuaren bila, Arrakastaren bila eta Zurriola Beach Hostel liburuak argitaratu ditu.
Solasaldia
Zurriola Beach Hostel liburua, hain zuzen, izango da Sakanako Mankomunitateak eta AEKk antolatutako solasaldiaren gaia; sinopsiaren arabera, Zurriola Beach Hostel ostatua izango da duela mende bateko bi familien bizipenen agertokia eta haien ondorengo gazte batzuen elkarbizitzaren eta ataka zailen eszenatokia. Gerra batetik hiriaren turistifikazioak eta etxajabeen lukurrerietara. "Jakinmina piztu eta bukaeraraino eusten dion trama korapilatsu batean nahasita daude guztiak.