Javi Galeano multimedia sortzaile altsasuarrak "betidanik" izan du gogoa "nire ustez gutxiestuta dagoen artista batekin hemen zerbait egiteko". Keu Agirretxea izan du beti buruan. "Jendeari iristeko modu bat, agian beste modu batean ez zena joango, zineman Star system deitzen dena da". Hau da, artistarekin batera publikoarendako ezagunak egiten diren beste artista batzuk jartzea. Horrelako zerbait egin du Diabulus in Musica & Sakanako Ahotsak ikuskizunean. "Zuberoa eta Gorka, Diabulus in Musica taldeko abelaria eta teklista, ezagutzen nituen haien zuzenekoren batean argazkiak egin nizkielako, eta kasualitatez Irurtzungo azokan topatu nintzen haiekin". "Askotan" joaten dira taldekideak Irurtzunera, "eta managerrarekin harremanetan jarri ninduten, eta aurrera". Bihar izanen da kontzertu handia, Iortia kultur gunean, baina sarrerak bi egunetan agortu ziren. Datorren urterako esperientzia errepikatzea nahiko luke promotoreak.
Kontzertuan ikusi zuenean "harrigarria" iruditu zitzaion Galeanori, "ez nintzen oso zalea, baina zerbait ona denean, ona da". Diabulus in Musica taldeak metal sinfonikoa egiten du, eta nazioartean hemen baino ezagunagoak dira. Diabulus in Musica taldeko Gorka Elso eta Zuberoa Aznarez musika klasikoarekin eta mundu koralarekin "oso lotuta" daude, "taldea sortu genuenetik gure musika beti pentsatuta egon da metal talde, orkestra eta koru baterako". Horregatik egiten duten generoa "metal sinfonikoa" deitzen dela azaldu dute. "Gure disko guztietan badaude moldaketa orkestral eta koralak abesti guztietan, arazoa da nola eraman hori zuzenera, oso zaila baita espazio eta eskakizun teknikoengatik". Ahal denean "etxetik gertu" jotzen dutenean sei eta zortzi ahots arteko koru txiki bat eramaten dutela esan dute, "eta behin bakarrik, orain dela 10 urte, aukera izan genuen Baluarten orkestra sinfoniko oso batekin eta Nafarroako Ganbera Abesbatzarekin jotzeko".
Abesbatzak
Altsasuko ikuskizuna bakarra izan zen: "Javi Galeanok kontzertu hau proposatu zigunean zoragarria iruditu zitzaigun; halako esperientzia bat berriz bizitzeko aukera izatea". Hasieran Etxarri Aranazko eta Altsasuko abesbatzek proposamen musikalari nola erantzungo zioten "zalantzak" izan zuten, "musika koral tradizionala abestera ohituta baitaude". "Oso ausartak izan dira horrelako kontzertu batean murgiltzean, taldearen musika bolumenagatik norbere burua entzuteko zailtasunak sortzen dira, klaketatik segundu bakar batena ere irten ezin izatearekin...". Horretarako zuzendariek kaskoekin eta metronomoarekin zuzendu beharko dute, "abenduaren 1ean aukera izan genuen haiekin entseatzeko eta zoragarria izan zen. Asko inplikatu dira proiektuan, eta ederra izan zen haiek zuzenean entzutea. Batez ere, gure musikarekin gozatzen ikustea". Taldekideak oso eskertuta daude.
Galeanoren hasierako ideia "Sakana osoa ikuskizun honen inguruan elkartzea" zen, eta horregatik hasiera batean Irurtzungo Abesbatza ere sartzea pentsatu zuen. "Honela adimenak beste mundu desberdinetara irekitzea lortuko dugu, aurreiritziekin bukatu". Biharko ikuskizunean, beraz, Etxarri Aranazko Abesbatzak eta Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak parte hartuko dute, guztira ia 70 bat abeslari. Galeanok azaldu duenez, abesbatzek "oso ongi" hartu zuten horrelako proposamen "desberdin" bat; "erronka bat bezala hartu zuten". Inma Arroyo Erkudengo Ama Abesbatzako zuzendariari esan zion lehenengoz, "nire musika irakaslea izan zen duela urte pila bat", eta taldekideak eta abesbatzak harremanetan jarri eta partiturak pasa ondoren, Galeano berarekin elkartzen zenean esaten zion entsegutik ateratzen zirela, "burua mugituz", eta asko gustatzen zitzaiela abestiak entzuteko "beharra" zutelako: "Ezin duzu ihes egin. Lehen aldi baten entzuten duzuenean agian ez dizu atentzioa deitzen, baina behin eta berriro entzun ondoren, detaile gehiago entzuten dituzu eta geroz eta gehiago gustatzen zaizu".
Proposamena "ilusio handiarekin, baina pixka bat kezkarekin ere" hartu zutela esan du Inma Arroyok. "Ez dugu inoiz horrelako musika abestu, eta ez genekien nola egingo genuen...". Esperientzia "oso polita" izan dela gaineratu du. Kontzerturako prestatzeko "denbora eta lan asko" suposatu zaiela aitortu du, "baina gero eta politagoa iruditu zaigu, eta taldearekin entseatu ondoren, lasaiago hartu dugu". Oso ongi entzuten dela iruditu zaie Erkudengo Ama Abesbatzako kideei. "Jendeari gustatzea, ondo pasatzea eta disfrutatzea espero dugu".
Etxarri Aranazko Abesbatzaren zuzendaria Francisco Javier Asensio Igoa izango da. Etxarriarrak kontatu duenez, Galeano abesbatzarekin harremanetan jarri zen eta koralaren batzordeak parte hartzea erabaki zuen. "Guretako gauza berri bat zen, eta musika mota berri bat probatzeagatik. Gainera, geroz eta zailagoa da kontzertuak ateratzea eta kontentu gaude horrelako handi bat egiteagatik". Metal talde batekin aritzea "oso berria" dela esan du Asensiok.
Uztailean hasi ziren kontzertua prestatzen: "Teorian udan bi hilabete festa, opor, izan behar genituen, baina uztailean bost entsegu extra egin genituen partiturak irakurtzeko; gero behin irakurrita errazagoa delako dena perfekzionatzea". Berak hartu zuen zuzentzeko ardura: "Urtarrilean Alicia Armendariz zuzendariak eszedentzia hartu zuen eta beste zuzendari bat etorri zen, baina uda hasieran esan zigun bere lanagatik eta abarrengatik utzi behar zuela". Xabi Garziandiak hartu behar zuen kargua, "baina oso lanpetuta zegoen eta entsegu extra horiek nik eman nituen". Proiektuarekin bera hasi zenez jarraitzea erabaki zuten, "beste proiektu bat Xabik egin du, eta hirugarren bat, Eguberrietako kontzertua, bion artean egingo dugu".
Hasieran "beldurrarekin eta urduri" hartu zuen kontzertuan zuzentzeko erronka, "40 bat pertsona zure aurrean, asko ezezagunak...". Abesbatzako kideak oso ongi portatu direla esan du, "eta ni dena ongi egiten saiatu naiz".
Diabulus in Musica taldeko kideek azaldu bezala, abesbatzako zuzendariek kaskoekin eta metronomoarekin zuzendu beharko dute melodiak ongi eraman ahal izateko. "Musikariek earlinerra eramaten dute, eta haien beharren arabera jartzen zaie entzun nahi dutena". Zuzendariek, beraz, ez dute abesbatzak kantatzen duena entzungo, eta "grabazio" bat entzungo dutela esan du Asensiok: "zuzendu beharko dut eta ahoak mugitzen ikusiko ditut, baina ez dakit zer ari diren abesten". Horregatik "errazago eta aldi berean zailago" izango dela esan du etxarriarrak. Konfort zonaldetik kanpo egongo direla esan du Galeanok, eta Arroyorendako "esperientzia berria" izango da, "nahiz eta hasieran beldur pixka batekin ibili, azkenean kaña bat izan da. Oso interesgarria".
Etxarri Aranazko Abesbatzak 34 bat kide ditu, Erkudengo Ama Abesbatzak 30 bat, guztira, 60 abeslari baino gehiago, eta horri Diabulus in Musica taldeko kideen instrumentuak -gitarra, baxua, bateria...-, gehitu behar zaio. Hori guztia, Iortia kultur guneko eszenatokian. "Horrelako kontzertu bat egiteko ez da ohiko eszenatoki bat, eta gainera publikoa eserita egongo da. Ez da normalena". Galeanok azaldu duenez, denak sartzeko "irudimen asko eta planifikazio handia behar izan dute: "Egun batean aretoa ikusteko gelditu ginen eta Gorka konturatu zen eszenatokiak askorako ematen zuela, dirudiena baino aukera gehiago zituela". Bi abesbatzak banaka agertuko dira, eta beste kanta bat gizonezkoen ahotsek interpretatuko dute. Sorpresak ere egongo dira, tartean abesti batean ere dantzatuko dira. "Leire Bujanda dantzariari esan nion aspaldiko beste proiektuarekin, Keu Agirretxea ekarri nahi nuenean, baina proiektu hori ez zenez atera, honetan ere sartu dut; bi egongo dira". Baldosaren dantza egin beharko dutela abisatu die, "oso toki gutxi dagoelako".
Arrakastatsua
Abesbatzen parte hartzearekin Galeanok susmoa zuen kontzertu arrakastatsua izango zela, "kide asko dira eta senide eta lagunekin...". Sare sozialetan bideo parte bat egin zituen "eta asko mugitu ziren"; sarrerak sagai jarri eta gutxira agortu ziren, "kartelak egin nituen, baina ez zidan zintzilikatzeko ere denborarik eman". Ikuskizunaren beste saio bat ematea pentsatu zuten, "baina gehiegi zen, eta ongi egiteko eta jendea disfrutatzeko hobe bakarra egitea". Iortiara joango den eta metal kontzertuetara ohituta ez dagoen jendearendako aholku bat du Galeanok: "Grabeak asko igotzen dira eta belarriak estaltzea gomendatzen dut. Horrelako kontzertu batera joaten naizenean, bafleen ondoan egoten naizenez, neurrira egindako tapoiak eramaten ditut. Baina bihar etortzen denari algodoiak jartzea gomendatzen diot; bertan ere jarriko ditut, badaezapada".
Beste saio bat ematea, beraz, "konplikatua zela esan du Galeanok, "logistika, ordutegiak...". Sarrerak agortu zirenean "entsegu aldetik gauzaren bat zintzilik zegoen oraindik, eta ez nuen gehiago presionatu nahi". Baina datorren urtean esperientzia errepikatzea gustatuko litzaioke antolatzaileari, "izugarria izango litzateke". Izan ere, jendea gogotan gelditu dela nabarmendu du: "Europako beste herrialde batzuetatik etorriko da jendea, Ingalaterra...". Ikuskizun oso berezia dela gaineratu du, "abesbatzak jarri musika korala egiten duen ikuskizun batean, normalean ezin dituztenean eraman, harrigarria da". Bakarra izango da. "Horrelako bandek jaialdi oso handietan parte hartzen dutenean egiten dituzte ikuskizun handi hauek, baina oso puntuala izan ohi da". Behin, duela hamar urte, taldekideek esan bezala. "Pentsatu nuen, bada Sakanan izango da". Sakanarako opari bat dela esan du Galeanok: "Nik opari bat egiten dudanean da opari bat gustatzen zaidana zuendako. Niri gustatzen zaidana, Sakanako jendearendako".
Aurreko urtearen bukaera hasi zen Galeano honekin bueltaka. "Data otsailean hartu genuen, eta hasiera batean urrian izan behar zen". Instituzioen eta eragileen partetik laguntzarik ez duela jaso ez du, "enpresetan, erakundeetan eta abarretan laguntza eskatu nuen, baina bakarrik Iñaki Oraa Gruas Oraa enpresatik jaso dut; aretoa alokatzeko nahiko eman du". Soinu eta argi teknikariak ere "estutu" direla esan du, "Iortx Iortiako teknikariarekin batera Iban Mago Itzal bezala ezagutzen dena egongo da argi eta soinuan". Proiektua aurrera eramateko "edozer" egin duela esan du Galeanok. "Kanpoko jendea laguntzera etorriko da ere, eta sarrerarik gabe gelditu den baten bat atzean laguntzen egongo da, eta horrela ikusteko aukera izango du ere". Galeano publikoaren artean egongo da, disfrutatzen, eta dena grabatzen.