Saskibaloia

CBASK, bolada onarekin jarraitzera

Guaixe 2025eko abenduaren 11

Neskek jardunaldi bikoitza dute asteburuan. CBASK

Azken jardunaldian garaipen sendoak lortu zituzten gizonezkoen bigarren mailako eta emakumezkoen lehen senior mailako CBASK taldeek eta bolada onean segi nahi dute. Emakumezkoek jardunaldi bikoitza jokatuko dute

Gizonezkoen bigarren mailako azken jardunaldian, Altsasuko CBASK taldeak Noain liderraren kontra jokatu zuen. Partida oso lehiatu eta borrokatuan, erdialdetik aurrera alde txikia hartu zuen CBASK-ek, bukaerara arte mantendu zuena. Azkenean, 10 tantoren aldearengatik gailendu zen CBASK, 94-104. Aimar Azpiroz izan zen jokalari nabarmenena, 30 puntu sartu baitzituen. 

Noain da gizonezkoen bigarren mailako liderra (15 puntu), partida guztiak irabazita, CBASK-ekoa izan ezik. CBASK sailkapenean zortzigarren da, partida bat gutxiagorekin. Azken hiru partidak irabazi ditu, eta bolada ona du. Hamargarren jardunaldian CBASK-ek sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena den Mendillori Egues izango du aurkari abenduaren 13an, 18:00etan, Olaz kiroldegian. 

Emakumezkoek jardunaldi bikoitza
Emakumezkoen lehen senior mailan, bederatzigarren jardunaldian CBASK-ek Noain A taldea hartu zuen azaroaren 29an Zelandin. Lehia bizi-bizi hasi zen, baina berehala talde altsasuarrak aldea hartu zuen eta bukaerara arte tarteari eutsi zion eta azkenean eroso irabazi zuen, 75-60. CBASK-eko Ainhoa Etxaizek lortu zituen puntu gehien, 20 puntu. 

Gauzak horrela, Liceo Monjardin da emakumezkoen lehen senior mailako liderra (16 puntu). CBASK laugarren da  (14 puntu). Hamargarren jardunaldian CBASK-ek Payvi taberna Sanduzelai izango du aurkari abenduaren 13an, 17:15ean, Sanduzelain. Eta hurrengo egunean, abenduaren 14an, bigarren jardunaldian atzeratutako partida jokatuko du CBASK-ek. Talde altsasuarrak Navarro Villoslada A hartuko du Zelandin, 12:00etan.