Altsasuko Udalak Dantzalekuko areazko futbol zelaiaren zati bat eraldatu eta irristaketarako pista eraikiko du. Pista hori irristalariez aparte txirrindula eskolako ikasleek erabiltzeko aukera izanen dute. Altsasuko Udalak bere 2026ko aurrekontuen zirriborroan jaso du horretarako 65.000 euro bideratuko dituela.
Udalak obra hori finantzatzeko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuarekin hitzarmena sinatuko du. Izan ere, foru gobernuaren aurrekontuetan aipatu egitasmorako diru kopuru bereko partida bat dago. Emendakin hori Geroa Baik aurkeztu zuen eta UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdien aldeko botoekin eta Talde Mistoaren kontrako botoarekin onartu zen.