La Encinak 30ean itxiko ditu ateak

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abenduaren 22a

Pedro Aldeano Clemente, Alicia Rodriguez Querales, Francisco Chaparro Bazan eta Manuel Castillo Moyano elkartean.

Altsasuko La Encina Extremadurako kultur elkarteak bertan behera utziko du bere jarduna. Errelebo falta eta gastuei buelta eman ezin izatea dira elkartea ixteko arrazoiak. Agur "duina" emateko, bazkaria eginen dute larunbatean.

Extremaduratik etorritako pertsonek Altsasun 50 urteko presentzia zutela omendu eta ospatzeko, erkidegoari buruzko jardunaldiak egin ziren 2001eko lastailean. Hura izan zen Lan Encina Extremadurako kultur elkartearen ernamuina. Elkartea 2002an sortu zen eta egoitzako ateak 2006an zabaldu zituen. Abenduaren 30ean ateak itxiko ditu. Horren ardura duen zuzendaritzako presidentea da Francisco Chaparro Bazan eta diruzaina Manuel Castillo Troyano. Haiek eta beste 21 bazkidek osatzen dute gaur egun La Encina. 

Esan dutenez, "disgustu latza" dute. Azaldu dutenez, "iragarritako heriotza zen". Aitortu dutenez, "aurreko zuzendaritzak ez zuen bideragarritasunik ikusten eta elkartea joan zen urtean ixteko proposamena egin zuen. Gogotsu geunden, lekukoa hartu eta elkarteari eusten saiatu nahi genuen". Urte bat gehiago eutsi diote. "Gure ilusioa zen alokairu kontratua bukatu arte eustea, 2027ko urte akabera. Baina ezinezkoa izan da". 

Elkartea ixteko arrazoia ekonomikoa da. "Gastu oso handiak ditugu eta bazkideen kuotengatik jasotzen dena oso gutxi da". Hilero zuloa zuten. Elkarteak berezkoa izan du kultur jarduerak egitea. "Aurten zenbait egin ditugu, baina batzuetan jendeak ez zuen parte hartu eta besteetan dirua galdu dugu. Agorrilean hipotekatu gintezkeela jabetu ginen eta guztia eten genuen. Ordutik zuzendaritzaren helburua izan da elkartea ixteko prozesua egitea, inor kaltetu gabe". Azaroan egindako batzar batean bazkideei kontuak erakutsi eta elkartea ez zela bideragarria adierazi zieten. Bihotzak gauza bat esaten zien bazkideei, buruak beste bat. Elkartea abenduaren 30ean ixteko erabaki mingarria hartu zuten azaroaren 8an. 

Hainbat arrazoi
Hainbat faktorerengatik itxiko dute. "Gero eta bazkide gutxiago ginen. Hainbat modutara bazkideak lortzen ahalegindu gara, alferrik. Musika jaialdi bat antolatu nahi genuen, eta hura baliatu egoeraren berri emateko. Ezin izan dugu". Azaldu dutenez, 35 edo 40 bazkide izanda elkarteak aurrera eginen luke. 

Aitortu dutenez, "La Encina sentipen bat da. Garai batean etorritakoek zerbait izateko ilusioa zuten. Egin zen". Hala ere, haien ondorengo belaunaldiek "ez dugu hori bizi izan. Gehienok hemen jaio ginen. Gure gurasoek hartutako erabakiaz jabetzen gara, lotura bat duzu. Baina gure seme-alabek beste ikusmolde bat dute, ez dute segitzen". Gaineratu dutenez, "adinean aurrera egin ahala jendeak bazkide izateari utzi dio. Bazkidetzan ez dugu belaunaldi aldaketarik izan". Pandemiak gainbehera eragin zuen: pixkekan bajak izaten hasi ziren. "Gu kultur elkartea gara, hainbat jarduera ditugu, eta jendea aisialdi elkarte batera ohituago dago, nahiz eta guk ere elkartea horrela erabili. Baina elkarte honi jarduerek ematen diote bizitza. Herri guztiari zabalik zeuden. Jendeak ez badu erantzuten, behera eta behera egiten duzu". 

Joera orokor bat ere aipatu dute: "jendeak elkarteez gero eta gutxiago gozatzen du. Denak gainbeheran daude. Ez du zerikusirik garai batekoarekin". Eta bazkide gutxirekin kontsumoa ere txikia da. Baina Altsasuko gainerako elkarteen aldean La Encinak gabezia bat du: "Gu alokatuta gaude. Hori da zama. Gurea balitz, beste modu batera jokatzeko aukera genuke, beharbada zabalik jarraituko luke". Elkartea zabaltzeko eskatutako mailegua ordainduta, alokairua zama izan da. Bestalde, egoitza Iruñea etorbidean dago eta herrigunetik "urrun, jendeak ez du honaino jaitsi nahi". 

Hutsunea
Elkartea itxita, "Altsasu Extremadurako migrazio prozesua oroitu eta erkidegoko kultura zabaltzeko bitartekorik gabe geldituko da. Migrazio prozesu haren azken arrastoa izanen da La Encina. Guztia oroimenean geldituko da. Eta gauza bera Piedras Albas eta Altsasuko senidetzarekin. Tristea da, baina ez da jarraipenik izanen". Aitortu dute buruan izan zutela "zentroa ixtea baina kultur elkartea mantentzea. Baina ez zegoen babesik". 

Ixteko prozesua
Jarraipena emateko ideiarekin sartu ziren, eta bi urterako konpromisoa hartu zuten zuzendaritza berrikoek, eta bazkideek epe horretan baja ez ematekoa. Baina elkartearen "heriotzaren notarioak" bihurtu dira. Esan dutenez, "uste baino lan handiagoa da elkarte bat ixtea. Ez da han eta hemen baja ematea. Dena ongi egin nahi dugu, inor ez kaltetzeko". Horretarako, administrazioek eskatuko dituzten paper guztiak behar bezala prestatu behar izan dituzte. Baja emateko eskatuz hainbat gutun bidali dituzte erakundeetara. Aholkulari bat kontratatu dute eta tramitazio guztiaz arduratzen ari da. Lokalaren jabearekin alokairu kontratua lehenago etetea ere adostu dute. Emandako laguntzagatik esker ona adierazi diote Cruz Mari Martinezi. 

Elkarteak duen kultur ondarea larunbatean sailkatuko dute, ondoren Nafarroako Artxibo Nagusira eramateko. Ondare materiala Extremadurako Junta, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Extremadurako elkartea eta Altsasuko Udalaren artean banatuko dute, estatutuetan hala jasota baitago. 

Elkarteak aurten festetan hamabitakoa eskaini zuen domekan. Altsasuko elkarteetako ordezkariak urtero gabon garaian Josefina Arregi klinikara eta Aita Barandiaran adinduen egoitzara joaten dira bisitan. Abenduaren 21ean joanen dira, La Encinakoak ere. Eta dagokien diru ekarpena eginen dute. Nafarroako Erregio Etxeen Federazioko kidea da La Encina. Jarduna etengo zutela jakinarazi zieten eta, agur gisa, federazioaren urteko batzarra azaroan 22an egin zen. Agur gisakoa izan zen. Elkarteari agurra emateko bazkaria eginen dute larunbatean. Azken asteburuan pintxo-potea egonen da. 

Itxieraren albistea zabaldu denean jendeak "penaz" hartu du, "adinekoek hobe hartu dute, gure adinekoei gehiago kostatzen ari zaigu, erabiltzen dugulako". Jendea asko ezagutzeko aukera eman die elkarteak, "asko eman digu La Encinak".