Azaroaren azken asteburuan Espainiako Gimnasia Erritmikako Kopa jokatu zen Madrilen. Iskiza Sakana taldeko Nagore Erdozia eta Naroa Diaz lehiatu ziren, Nafarroako Txapelketan egindako lanari esker. "Kopatik oso sentsazio onekin bueltatu ginen, egindako lana tapizean islatzea lortu genuelako. Oso pozik, egiten duten esfortzuagatik beti harro" dio Olaia Agirre Iskizako arduradunak.
Erdozia eta Diaz lehen nafarrak izan ziren, sailkapenean 81 eta 95 postuen artean. "Espainiako kopan dagoen maila oso handia da. Komunitate bakoitzetik bost gimnasta sailkatzen dira bakarrik. Beraz, maila ikaragarria da, onenen artean onenak daude bertan. Eta horri kirol honetan dagoen subjektibitatea gehituta, imajina dezakezue...".
100 gimnasta bildu ziren Zelandin
Iskiza Sakanak Eguberrietako erakustaldia abenduaren 20an egin zuen, Zelandi kiroldegian. 100 gimnasta inguruk euren lana aurkeztu zuten, "ikaragarrizko ilusioarekin", Olaia Agirrek nabarmendu duenez.