Esan daiteke Inixio Amillano umorearen eta bakarrizketen munduan kasualitatez hasi zela: "Probatzeagatik eta lagun bat isilarazteagatik hasi nintzen". Gaur egun, hainbat oholtzatan egon da umoregile altsasuarra bai Granadan, bizilekuan, bai Euskal Herrian, tartean Sakanan egin dituen bakarrizketak. Ongi pasatzen duen bitartean jarraituko duela esan du, "zaletasun bat bezala ikusten dut, hori delako". Besteak beste, abenduaren 19an, Bergarako Algaraka Bakarrizketa Gauan parte hartu zuen, Ane Lindane, Elixabet Mejuto, Mitxel Martinez eta Uxue Azpiazu bakarrizketalariekin batera; gidaria Asier Kortabarria Asier K izan da, eta Maria Blanco bakarrizketalari gonbidatuak parte hartu zuen ere.
Oholtzaz oholtza ari zara, ezta?
Gelditu gabe egon naiz. Bai Granadan bai hemen. Bergarako aukera sortu zen Instagram bidez idatzi zidatelako bideo labur bat bidaltzeko eskatzen, eta bost hautatu horiek izan gara. Dena prest.
Nola hartu zenuen?
Nahiko harro, egia esan. Ez nuen hautatua izatea espero. Bideoa bidaltzeagatik eta probatzeagatik bidali nuen, eta begira.
Nolakoa izan da zure bakarrizketalari ibilbidea?
Nahiko arraroa. Honetan hasi nintzen Granadako lagun bateak show bat aurkezten duelako eta bakarrizketa bat idatzi eta egin behar nuela esaten zidalako. Esan nuen: "Egiteagatik egingo dut". Lehenengo hura laguna isiltzeko egin nuen, eta egin ondoren pentsatu nuen ez zegoela gaizki.
Gustatu zitzaizun.
Bai, hortik aurrera, hemendik eta handik ibili naiz.
Granada eta Euskal Herria. Publikoaren aldetik desberdintasunik nabaritu duzu?
Bai. Hemen bai gaztelaniaz bai euskaraz jendeak gutxiago barre egiten du. Baina uste dut izate moduagatik dela. Saioa bukatzean gerturatzen dira eta esaten didate oso barregarria eta ona izan dela. Eta nik pentsatzen dut: baina ez duzu barre egin... Nolabaiteko beldurra edo lotsa diogu barre egiteari. Baina bakarrizketa batera barre egitera zoaz! Euskal Herriko umoregile askok elkarbanatzen dugun sentsazio bat da; barre egitea kostatzen zaigu.
Eta publikoa horrela ikusten duzunean, ez duela barre egiten, zer sentitzen duzu?
Normalean bakarrizketaren aurretik ez naiz urduri jartzen, baina egia da lehenengo bi txistetan barrea itxoiten egoten naizela; lehenengo barrea entzuten dudanetik datorrena datorrela, aurrera.
Zure umorea aldatu da?
Uste dut ezetz. Azkenean, nire oholtzako pertsonaia eta umore mota ez da gehiegi aldatu. Saiatzen naiz gaiak aldatzen, baina betiere nire identitatea mantentzen. Ni ikustera ohituta dagoen jendeak nondik joango naizen badakitela uste dut. Gai berri bat ateratzen dudanean badakite zein izango den nire identitatea.

Inixio Amillano umoregile altsasuarra Altsasuko liburutegian.
Nolakoa da oholtzako pertsonaia?
Nolabait nire izaera baina hamar aldiz biderkatuta. Exageratuta. Esaterako ni batzuetan nahiko torpea naiz eta horretaz barre egingo dut, baina egoera handituta, gainera.
Zertaz hitz egiten duzu?
Nire egunerokotasunean gertatzen diren gauzei buruz, baita gaurkotasunezko gaiei buruz ere. Bustitzen saiatzen naiz, baina badakit txiste batek ez duela mundua aldatuko.
Jendeak ulertzen du?
Normalean, bai; nire ikuspuntuarekin bat ez datorren jendeari ere grazia egin ohi dio. Batzuetan esaten didate publikoaren sektore batean txiste bat ez dela oso ongi sartu...
Nola prestatzen zara?
Ideia bat baldin badut horren inguruan idazten dut eta agian txisteren bat deskartatzen joaten naiz ikusten dudalako ez dela horren ona. Behin idatzita dudanean etxean entseatzen dut, eta energiaren aldetik zer sentsazio ematen didan ikusten dut.
Zein izan da gehien gustatu zaizun bakarrizketa edo emanaldia?
Esango nuke Granadako JJ izeneko taberna batean eman nuena. Orokorrean giro oso ona nabaritzen da. 20 minutu geneukan bakoitzak, aldez aurretik prestatu nuen, baina asko prestatu gabe, eta oso ongi joan zen.
Euskal Herrian umorearen loraldi bat ematen ari dela diote. Nola ikusten duzu egoera?
Zirkuitu horretan sartu nintzenean ez zegoen guztiz prest, baina bai erdi hasita zegoela. Behin sartuta joaten naizen tokira, Bergarakoa edo aurten Deban egon nintzen, betiko berdinak gaude. Hogei bat egongo gara eta horietako bost egon gaitezke saio batean. Duela bost urte inguru EITBn ateratzen zirenak zeuden bakarrik, eta Antton Telleriak esan zuenagatik probatu gabe zuzenekoa egin zuen. Orain badaude probalekuak bakarrizketak probatzeko, eta ez badu funtzionatzen berriro ez egiteko.
Algarakarako zerbait berezia prestatu duzu?
Euskal Herriko hainbat probalekuetan egin ditudan testuak testu bakar batean bildu ditut. Nolabaiteko erlazioa zuten, eta nahasketa bat egin dut. Testu guztia nolabait probatuta dago. Horrek ez du esan nahi funtzionatuko duenik.
