Jubilatu ondoren Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan musika ikasten hasi ziren Juanjo Larraza eta Santi Albiztur. "Gizon bat musika eskolara joaten ikusi nuen, eta orduan pentsatu nuen jubilatu ondoren banekiela zer egingo nuen: musika ikasi", azaldu du Larrazak. Pedro Jimenezek bizitza osoa darama musikaren munduan, eta Larraza, Albiztur eta beste hamar bat lagunekin batera Fandabila txaranga sortu dute. Intentzio eta pretentsio handirik gabe, "elkartzen, musika jotzen eta entseatzen" hasi ziren, eta tarteka ere kalera ateratzen dira. "Jubilatuen musika terapia" dela aipatu dute.
Teknoadina proiektuko ildoekin bat egiten du Musika Eskoletan helduak egotea. Bakardadeari aurre egiteko eta komunitateko harremanak eta zaintzak indartzeko proiektua da Teknoadina, Sakanako Gizarte Zerbitzuek sustatu dutena. Lan ildoen artean bakardade egoeran edo bakarrik sentitzen diren pertsonak identifikatzea eta sentsibilizazioa eta prebentzioa daudela azaldu dute teknikariek: "Gizarte osoak har dezake ardura harreman sozialak eta komunitateak zaintzen, honek eusten gaituelako bizitzan, nolabait".
Bakardadea "edonori" bizitzaren momenturen batean gerta dakiokeen zerbait dela esan dute, "eta harreman sozialak, familiakoak, lagunarrtekoak, bizilagunen artekoak eta abarrekoak zainduz gero, bizitzaren momentu batzuetan, batez ere aldaketak ematen direnean, eusten laguntzen dute egoera berriei aurre egiten". Proiektua gaur egun adineko jendeari enfokatuta dagoen arren, zabaldu eta handitu daitekeela uste dute, "sentsibilizazioa publiko orokorrarendako da".
Bizitza proiektua
"Bizitza proiektutxoak izatea oso garrantzitsua da; musika eskola..."
Musika eskoletan helduak egotearen garrantzia aipatu dute Teknoadineko teknikariek: "Komunitatean dauden espazioak oso garrantzitsuak dira harremantzeko: Musika Eskolak, AEK, kirol jarduerak...". Harreman sozialak zaintzea ere "oso garrantzitsua" dela aipatu dute: "Harreman sozialak ez ezik, bizitza proiektutxoak izatea, eta musika eskolaren kasuan edo musikarekin harremana izatea, abestea eta abar oso proiektu interesagarria izan daitekeela iruditzen zaigu; interesa duenarendako, noski". Musika Eskolak ez direla haurrendako edo gaztetxoendako bakarrik erakutsi nahi dute ere, "agian bizitza osoan hori egin nahian egon zara eta helduendako espazioa ere badela irudikatu nahi dugu".
Jubilatu batendako musika "terapia" bat dela esan dute Juanjo Larrazak eta Santi Albizturrek, "jubilaten terapia", aipatu du hain zuzen Larrazak; "Dedikazioa eta konstantzia eskatzen du, baina bada diziplina bat laguntzen duena burua okupatuta izaten. Denboraren poderioz lortzen dugu dena, eta denbora dugunez...".

Santi Albiztur, Juanjo Larraza eta Pedro Jimenez Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan.
Jubilatu ondoren musika eskolan hasiko zirela pentsatu zuten, eta "oso gustura" daudela esan dute. Helduen taldeko lehenengo promozioan sei pertsona zeuden, eta orain badago jendea kanpo gelditu dena. Musika eskolan "teknika, partitura jarraitzen, konboan jotzen..." ikasten dute. Irakasleen "pazientzia handia" nabarmendu du Albizturrek: "Asko laguntzen digute.
Fandabila
"Musika eskolan hainbat jubilatuk kointziditu genuen, musika zaletasuna dugu, baina ezagutza aldetik denetarik dago, maila asko daude, adibidez, ni zerotik hasi nintzen. Baina hemen elkartu ginen", azaldu du Larrazak. Pedro Jimenez txaranga eta bandako kide da, aspaldi, eta Altsasuko Udaleko Musika Eskolako patronatuko presidentea ere bada: "Beti hemendik nabil eta entseatzen ikusten nituen. Komentatu zidaten jubilatu talde bat zegoela iniziatiba eta gogoa zutena eta elkartzeko nahian zeudela.

Talde txiki bat elkartu ginen, lauzpabost pertsona, eta klaseak amaituta lokal batera jaisten ginen eta kalejirak eta horrelako abestiak jotzen genituen". Horrela sortu zen Fandabila txaranga. Entseatzen hasi ziren eta "mugitzen" hastea pentsatu zuten, "baina intentzio handirik gabe". Musika klaseak ez ezik, "elkartzeko eta musika jotzeko" hasi ziren. Talde txiki batetik hamahiru bat kideko txaranga bat osatu arte. "Bi aktiboan daude, baina beste guztiak jubilatuak", azaldu dute.
"Betiko abestiak" jotzen dituzte, gehienbat Tolosako eta inguruko kalejirak. "Entseatu, entseatu eta entseatu. Gustatzen zaizun arren, entseatu behar duzu. Gainera metalezko instrumentu hauek, egun batzuk jo gabe, eta nabaritzen dugu!", azaldu du Jimenezek. Izan ere, txarangaren barruan "maila asko" daude. Zerotik musika ikasten hasi direnetik, Larraza edo Albiztur kasu; bizitza osoa musika egiten daramatzatenak, Jimenez, esaterako, edo aspaldi musika egin zutenak eta bizitzaren arrazoi desberdinengatik utzi zutenak eta jubilatu ondoren itzuli direnak. Musika gustatzen zaionarendako "gozamena" dela esan dute".
Taldea "oso anitza" da eta musikagatik ez balitz agian ez lirateke beste modu batean elkartuko. Altsasutik kanpoko jendea ere badago, eta taldea irekia da; jende gehiago sar daiteke, arazorik gabe. Gutxieneko baldintza instrumentu bat jotzen jakitea da. "Eta emakumerik ez daude, baina dudarik gabe emakumeei ere irekia dago. Baten batekin hitz egin dugu eta agian baietz animatuko direla... Ea animatzen diren!". Ostiral arratsaldetan elkartzen dira entseatzeko, "eta entseguaren ondoren pote bat hartzera joaten gara. Oso ongi datorkigu", esan du Larrazak.
Musika eskolan bi ordu klase dituzte astean eta gero ostiraleko entseguak. Eskolan oporrak baldin badaude ere elkartzen direla esan dute musikariek, "oso gustura", gainera. Etxean ere "orduak eta orduak" sartu behar dituztela gaineratu du Albizturrek.
Kalejirak
Erakartze efektua ere izan dute: "Jendeak kaletik entzuten eta ikusten gaituenean parte hartzeko gogoa ematen die". Denbora luzez perkusiorik gabe entseatzen egon ziren, baina behin perkusioa lortu zutenean, kalera "bueltatxo bat ematera" atera behar zirela esaten hasi ziren: "Pixkanaka hasi ginen kalera ateratzen; San Juan egunean, goizean, atera ginen eta kioskoan jo genuen. Ez zegoen inor". Irteera hauek "kalean egiten dugun entsegu bat" direla esan dute. Larraza: "Esan daiteke garela munduko txaranga bakarra jotzeko ordainduko genuena". Ez dituzte kalejirak iragartzen, ez dute abistatzen, eta kamiseta ere bere poltsikotik ordaindu dute. Dagoeneko Etxarri Aranatzen, Ziordian eta hainbatetan Altsasun jo dute, tartean Santa Zezilia egunean. "Ahal denean eta sortzen denean" ateratzen dira: "Jendea oso animatuta dago". Orokorrean jendea entseguetara "faltarik gabe" joaten dela gaineratu du Jimenezek: "Jotzeko desiatzen daude". "Maila ez dakit daukagun, baina afizioa munduko guztia; baita gogoa ere", gaineratu du Larrazak.
"Nik uste pixka bat inkontzienteak izan ginela", esan du Albizturrek lehenengo irteerari buruz galdetuta. Urratsa eman aurretik denbora asko entseatzen zeramatzatela esan dute. "Egon zen kasu bat esan zuena ezetz, ezin zuela, baina behin hasi zela, aurrera egin zuen". Musikan egin duten "urratsik handiena" dela esan dute. Hasiera guztiak bezala, kostatu zitzaien, eta oraindik ere ateratzen direnean kostatzen zaiela aitorut dute. "Baina hasierako hori baino ez da; beti gertatuko zaigu".
San Juan, Santa Zezilia, Altsasuko festetan... Fandabila txaranga atera denean herriko txoko guztietan jotzen saiatu dira. "Eta eskertu digute festetan auzo desberdinetatik ibili ginelako; normalean txarangak pasatzen ez diren auzoetatik", azaldu du Jimenezek. Egunen batean goizetik arratsalderaino egun osoa "txoko guztietatik" pasatuz ibili behar direla gaineratu du, "gustatzen zaigu toki guztietara iristea". Publikoaren, senide eta lagunak tartean, harrera ona izan dute, "eta galdetzen digute ea noiz aterako garen berriro". Tabernaren batek interesa agertu duela esan dute.
Aurrera
Txarangaren hurrengo urratsa oinez joaten diren bitartean jotzea da. "Momentuz geldirik jotzen dugu. Memoriaz jo behar dugu, baina zaila da", esan du Albizturrek. Larraza: "Lehenengo aldiz jo genuenean alabak esan zidan: Eserita jo duzue. Zer nahi duzu bada!?". Pixkanaka entseatzen ari dira, baina momentuz puntu batetik bestera joaten dira, eta bertan korroan jarri eta jotzen dute.
"Jubilatu ondoren zer egingo dut orain petnsatzen badute: musikak funtzionatzen du"
"Elkartu, musika jo eta ahal denean atera; ez ditugu gauza konplikatuak jotzen, bestela jendea desanimatuko zen. Garrantzitsuena jotzen duguna ongi entzutea da", azaldu du Jimenezk. Jendea txarangan parte hartzera animatu dute: "Jubilatzen badira eta esaten badute, zer egingo dut orain? Musikak funtzionatzen du. Egongo da jendea esango duena ez duela inoiz jo. Nik ezta!", gaineratu du Larrazak. Entzumen pixka bat eta musika gustatzea baino ez da behar, bestela, "aurrera".