'Ez da kasualitatea', bigarrenez, Altsasun

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2025eko abenduaren 22a

2024ko 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua, Iortian. IORTIA

'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua izanen da, abenduaren 26an, ostirala, Altsasuko Iortia kultur gunean. Uxue Alberdi, Maddi Ane Txoperena, Sarai Robles eta Ohiana Bartra bertsolariak izanen dira, besteak beste, oholtzan.

'Ez da kasualitatea' Sarai Roblesendako "oso saio berezia" da: "zorte hori izan dut, sekulako lujoa da horrelako saio batean kantatzea, eta bigarrenez Altsasun; pribilegiatua". Abenduaren 26an, ostirala, 19:00etan, izanen da saioa, Iortia kultur gunean; Roblesekin batera, Uxue Alberdi, Maddi Ane Txoperena eta Oihana Bartra bertsolariak ariko dira, eta Ainhoa Larretxea gai jartzailea izanen da. Bertsotan aritzen diren bitartean Araitz Bizkaik eta Oihana Landak musika joko dute. Sarrerak 5 eurotan eros daitezke. 

"Esango nuke horrelako saio baterako egarri berezia dugula; txapelketarako entrenatzen gaudenean ariketak oso modu zurrunean egiten ditugu, eta hau guztiz kontrakoa da; askatasuna dugu". Ez da kasualitatea saioek horretarako aukera ematen die, bai  gaien aldetik bai bertsoaren nolatasunaren aldetik. Oholtzan "konplizitate eta giro goxoa" sortzen dela gaineratu du Roblesek. 

Bertso saioaren izenburua ere "ez da kasualitatea": "Erreferentzia egiten dio soilik emakumez osatutako saioak nahita antolatzen direlako oraindik ere". Gizonezkoena "ematen du" kasualitatez sortzen direla, baina emakumeak emakumeekin kantatzeko saioak "beti dira nahi bati jarraituz". 

Ez kasualitate hori izan da Altsasuko emanaldia bigarren urtez antolatzeko arrazoietako bat, Ainize Ibargutxi Altsasuko zinegotziaren eta Sakanako Euskara batzordeko lehendakariaren esanetan: "Beti gizonezkoak izaten dira bertso saioetan". Aurreko urtea bertso saio musikatuaren aldeko "apustua" egitea erabaki zuten, "esaten dutenez euskaraz egiten diren gauzetara ez omen da jendea hurbiltzen eta Sakana ez omen da bertsozalea". Desmitifikatzeko helburuarekin bertso saioa antolatu, "eta harrera eta erantzuna oso positiboak izan ziren". Horregatik aurten errepikatzea erabaki zuten. 

Erlazionatuak