Gizonezkoen bigarren mailako hamargarren jardunaldian CBASK-ek garaipen garrantzitsua lortu zuen, Mendillorri Egües taldearen kontra Olaz kiroldegian. Lehendabiziko tantoetan parekotasuna izan zen, baina berehala CBASK aldea ateratzen hasi zen eta bukaerara arte ongi kudeatu zuen abantaila, azkenean 55-73 gailenduz.
Noainek jarraitzen du gizonezkoen bigarren mailako lider (15 puntu) eta altsasuarren garaipenak sailkapenean isla izan du, partida gutxiago bat jokatuta ere bosgarren postura igo baitira (13 puntu), azken lau jardunaldietan garaipen sendoak lortu eta gero. Hamaikagarren jardunaldian CBASK-ek sailkapenean laugarren eta arerio zuzena den Larraona Claret hartuko du abenduaren 20an, larunbata, 17:50ean, Zelandin.
Emakumezkoek jardunaldi bikoitza
Emakumezkoen lehen maila autonomikoan CBASK-ek bi partida jokatu zituen asteburuan. Hamargarren jardunaldian, Payvi taberna Sanduzelaik partida oso borrokatua jokatu zuten abenduaren 13an Sanduzelain, soilik puntu baten aldearekin erabaki zena. Parekotasuna izan zen partida guztiaren ezaugarria. CBASK-ek garaipena eskuetan izan zuen, baina azken saskiratzea Sanduzelairen alde erori zen, eta 43-42, puntu batengatik galdu zuten CBASK-eko neskek.
Bestalde, hurrengo egunean, abenduaren 14an, bigarren jardunaldian atzeratutako partida jokatu zuten CBASK-ek eta Navarro Villoslada A-k Zelandin. Altsasuarrek bezperako arantza kendu eta garaipen erosoa lortu zuten, 53-39. Hasieran paretsu ibili ziren bi taldeak, baina partida erditik aurrera CBASK-ek aldea atera zuen eta zuzenean joan zen garaipenera.
Nesken lehen maila autonomikoko liderra Liceo Monjardin da (18 puntu). CBASK hirugarren postuan dago (17 puntu). Ligako hamaikagarren jardunaldian, CBASK-ek sailkapenean hamargarren den Valle de Egües C taldea hartuko du abenduaren 20an, larunbata, 16:00etan Zelandi kiroldegian.
Denboraldiko aurkezpena, ilbeltzaren 3an
Altsasuko CBASK saskibaloi klubak 2025/2026 denboraldiko talde guztien aurkezpena ilbeltzaren 3an egingo du, larunbatarekin, 16:30ean, Zelandi kiroldegian.