Izarak Nafarroako Gobernuaren saria jaso du

Guaixe 2025eko abenduaren 19a

Ana Diaz Begiristain eta Gorka Garcia Roman, eskuinetik 6.a eta 3.a NAFARROAKO GOBERNUA

Egin duen ibilbidea nabarmendu du foru administrazioak. 

Nafarroako Gobernuak estreinako Merkataritza Gala antolatu zuen abenduaren 11n. Haren bidez foru administrazioak Nafarroan bost arlotan nabarmentzen diren beste horrenbeste dendei aitortza egin zien. Banakako Ibilbide Onenaren Saria Cortinas Izarako Gorka Garcia Romanek eta Ana Diaz Begiristainek jaso zuten. Sari horren bidez Nafarroako Gobernuak haien “bilakaerak eta garai berrietara egokitzeak markatutako ibilbide komertziala” aitortu zuen. “Gorkak eta Anak beren gurasoek hasitako lanarekin jarraitzeagatik, Altsasurekin duten konpromisoagatik, berrikuntzarako gaitasunagatik eta 40 urtetan zehar ehungintzari eta etxerako errezelei dagokienez zerbitzua eskaini duen establezimendu horren berezitasunagatik” jaso zuten saria.

Esanak
Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak banatu zituen sariak. Kontseilariak esan zuenez, "zalantzarik gabe garrantzia duen arren, erronkaz eta zailtasunez inguratuta dagoen sektorea da merkataritza". Gogorarazi zuen duela aste batzuk aurkeztu zela Merkataritzari buruzko Foru Legearen aurreproiektua, laguntza neurriak sustatzeko eta merkataritza ordutegiak erregularizatzeko, ekintzailetza eta landa merkataritza bulkatzeko eta belaunaldien arteko erreleboa hobetzeko. "Hain zuzen ere, puntu horiek bat datoz gaur banatuko ditugun bost sariekin. Hori gure lantaldeak txikizkako eta hurbileko merkataritzarekin duen konpromisoaren isla da. Azalera handiak mugatzeko eta merkatariaren irudia goraipatzeko lan egiten dugu. Sektore estrategikoa eta funtsezkoa da Nafarroarendako, eta, beraz, sektoreari mesede egingo dion eta saltokien galera geldiaraziko duen esparrua mugatu behar dugu", adierazi zuen Irujok.

Bestalde, Pablo Ezkurrak, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Nafarroako txikizkako merkataritzaren etorkizunaz aritu zen. Administrazioak ekintzaileei merkataritza jarduera bultzatzeko ematen dien babesa azaldu zuen. "Onak garen puntuak indartu behar ditugu: hurbiltasuna, kalitatea eta jasangarritasuna. Espezializazioa duten saltokiek abantaila lehiakorra izango dute gainerakoen aldean", esan zuen.