Sunsundeguiren itxiera ekarri zuen konkurtsoa ustekabekotzat jo da

Guaixe 2025eko abenduaren 19a

Sunsundeguiren lantegia itxita. ARTXIBOA

Horrek esan nahi du itxiera ez dela gertatu dolu edo zabarkeria larriagatik.

Sunsundegui enpresaren hartzekodunen konkurtsoa ustekabekotzat jo dute. Beraz, zuzendaritzaren jokabidean ez da lantegia ixteko asmorik edo zabarkeria larriz eragindako jokabide irregularrik atzeman. Kalifikatzaile horrekin, lehiaketa horren arduradunek erantzukizun jakin batzuen eskakizunak saihesten dituzte. Enpresaren likidazioaz arduratu ziren Molins eta Andrés Abogados y Economistas Concursales agiria aurkeztu zuten Iruñeko Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegian lastailaren 2an. Txostenean Sunsundeguiren itxiera ekarri zuen konkurtsoa ustekabekotzat jo zuten. 

Baina hartzekodunek ez zuten Sunsundegiren konkurtso-prozesuari buruzko kalifikazio-txostenik egin, likidatzaileek egindakoari kontra egiteko. Beraz, epaileak ondorioztatu du Sunsundeguiko konkurtsoa ustekabekoa izan dela eta auzia artxibatzea erabaki du. Eta erabaki horren kontra ez dago helegitea aurkezterik. Enpresak 50 milioi euroko zorra eta 27 milioiko balioa zuten aktiboak zituen, eta konkurtso-administrazioak 376 langileren kaleratze kolektiboa eskatu zuen.

Langileez
Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozial, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilariak jakinarazi duenez, "Nafarroan bizi ziren Sunsundeguiko 272 langileen %62k dagoeneko aurkitu dute dagoeneko enplegu bat. Askok beraien kabuz lortu dute lana. Arrakasta handia da, normalean kopuru txikiagoak izaten baitira". Aurre-jubilazioak 35 bat izan dira. Sunsundeguiko langile ohiei lana opatzen laguntzeko, Nafar Lansarek propio sortutako kokatze plana bukatu dutela jakinarazi du Maeztuk. "Baina Altsasuko bulegotik jarraituko dugu martxan jarritako ekimen guztiekin: langileen lan orientazioa, prestakuntza, langabezian daudenendako propio sortutako prestakuntza eskaintza, lana bilatzeko akonpainamendua". Kontseilariak berretsi zuen eskura dituzten "mekanismo guztiak erabiliko ditugu langabe daudenak lana opa dezaten, edo beraien enpleagarritasuna hobetzeko prestakuntza eta orientazioa eskainiz".