Atletismoa

Dantzalekun, lohian eta eurian hegan

Guaixe 2025eko abenduaren 22a

Altsasuko Krosak Nafarroako Banakako Kros Luzea erabaki zuen eta iazko garaipena berritsi zuten Andoni Acebedok eta Alicia Carrerak. Israel Arbizu etxarriarra seigarren sailkatu zen.

Eguraldiak are gehiago gogortu zuen berez xamurra ez den Altsasuko Krosa. Dantzaleku Sakana atletismo klubak antolatutako lasterketak aurten 40. edizioa zuen eta Nafarroako Banakako Kros Luzea izan zen. Euria, hotza eta lohia izan zuten bidaide bertan lehiatu ziren atletak eta benetako krosa eskaini zuten. Maila nagusiko proba (7, 8 km) 52 korrikalarik osatu zuten, 20 urtez azpikoa (5,8 km) 30 korrikalarik eta Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarriak ziren distantziatan 280 neska-mutiko lehiatu ziren. 

Maila nagusian Beste Iruñako Andoni Acebedok (26:27) eta Grupompleo Pamplona Atletico-ko Alicia Carrerak (31:10) izan ziren txapeldunak, iaz toki berean lortutako garaipena berretsiz. 

Andoni Acebedok, zehazki, hiru aldiz jarrian irabazi du Nafarroako Kros Luzea. “Hasieratik sendo atera naiz, erritmo bizian, gainontzekoei aukerarik ez emateko. Lasterketa gogorra izan da, baina disfrutatu dut. Dantzalekuko zirkuitua oso gustuko dut”. Israel Arbizu etxarriarra (Hiru-Herri) zazpigarren sailkatu zen (27:50), Ivan Sobredo altsasuarra (Hiru-Herri) hamaseigarren (28:50) eta Adrian Claver altsasuarra (Dantzaleku Sakana) 24. (30:07). 

Emakumezkoetan, Alicia Carrerak garaipen erosoa lortu zuen (31:10), Violeta Alonso taldekidearen (31:58) eta Ainara Alcuazen (Hiru-Herri, 32:26) aurretik. “Asko sufritu dut. Horrenbeste lohiarekin zaila izan da, eta ez erortzeko kontuarekin aritu naiz. Hanka non jarri, ez zen ikusten” azaldu zuen Alicia Carrerak. Azkar atera zen Cascanteko korrikalaria. “Uste nuen Ainara Alcuazek harrapatuko ninduela, mendi lasterketetan ibiltzen delako, baina distantziari eustea lortu dut”. Izaskun Beunzak ezin izan zen irteeran egon. 

Aurreneko postuetan sailkatutakoek Cordoban jokatuko den Espainiako Kros Luzeko Txapelketetarako txartela lortu dute. 

Dantzaleku Sakana atletismo klubekoek lan itzela egin zuten guztia behar bezala antolatzeko. Nahiz eta eguraldi txarra izan, parte hartzea handia izan zen, eta eskertuta daude klubekoak. Guztia antolatzeko laguntza eman zuten boluntarioekin baita ere. 

NKJ-etan sakandarrak ederki
10 urtez azpiko txapelketan, nesketan Lea Arrate (Hiru-Herri) gailendu zen, eta mutiletan Ander Arroniz (Beste Iruña). Hegoi Amillano hamabigarren sailkatu zen, lehen sakandarra. Haritz Olaberria 24. iritsi zen helmugara, eta Adur San Gil 26.

12 urtez azpiko nesketan Lidia San Martinek irabazi zuen (San Adrian). Dantzaleku Sakanako Malen Unamuno zazpigarren sailkatu zen, Saioa Lopez hamargarren, Nahikari Huarte hamabosgarren, Mara Asurabarrena hemeretzigarren eta Haizea Blazquez 29. Mutiletan Fermin Morionesek (Caparroso) irabazi zuen. Dantzaleku Sakanako Manex Izagirre hirugarren sailkatu zen, Hodei Mendoza zortzigarren eta Enar Rodriguez hamaikagarren. 

14 urtez azpikoa Paula de Juanek (Tafalla) irabazi zuen. Dantzaleku Sakanako Eider Perez bosgarren izan zen, Xia Ballaz bederatzigarren, Sukari Mendinuetan hamabosgarren, Milenka Jaka hamaseigarren eta Ainhoa Macho hamazazpigarren. Mutiletan Ezpel Garbisu (San Juan) gailendu zen. Dantzaleku Sakanako Xumai Izagirre hamaseigarren iritsi zen. 

16 urtez azpikoan Alicia Ruiz (Pamplona Atletico) izan zen txapelduna (13:07). Dantzaleku Sakanako Sihets Agirre seigarren izan zen (13:53) eta Maddi Berasategi hogeigarren (15:41) sailkatu zen. Mutiletan Lander Andueza (Iranzu) gailendu zen (10:59) eta Dantzaleku Sakanako Ekhi Guirado laugarren sailkatu zen (11:06).   

18 urtez azpikoan Maria Lainez (Ribera Atletico) izan zen txapelduna (15:38), eta mutiletan Iñigo Molina (Hiru-Herri, 13:05). Dantzaleku Sakanako Victor Fernandez hamabigarren sailkatu zen (14:15) eta Aratz Mendoza 23. (18:51).