Bandaren eguberrietako kontzertu berezia

Guaixe 2025eko abenduaren 22a

Haize Berriak banda Altsasuko festetan. ARTXIBOA

Abenduaren 27an, larunbata, Haize Berriak bandak Sergio Gastaminzaren omenezko kontzertua emanen da, Iortia kultur gunean; besteak beste, bandakideari eskainitako obra mustuko dute. 

Sakanako Haize Berriak bandak Sergio Gastaminza taldekidea zenaren omenezko kontzertua emanen du abenduaren 27an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Emanaldian "baxuak" izanen dira protagonistak, bandatik adierazi dutenez, eta zenbait obratan bandakideak bakarlari gisa ariko dira: Maddalen Oyarbide Unamunok The Green Hill bonbardinoarekin joko du, Inaxio Beltza Igoak eta Ange Jaka Garmendiak, Maria Beltza Igoak lagunduta, Baga, biga, higa abestuko dute eta Asier Valdivieso Ruizek Suite fo Tuba abestia interpretatuko du tubarekin.

Emanaldi berezi honetan, Sergio Gastaminzari eskainitako Molontxo obra mustuko dute, Eneko Azparrenek konposatua Haize Berriaren enkarguz. Errepertorioa Hallelujah eta Olatzagutiako Xuxurlak abestiekin osatuko dute, eta Altsasuko Musika Eskolako abesbatzaren eta bandakide ohien laguntza ere izanen dute kontzertu "hunkigarriari" amaiera emateko. 

Azken sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eros daitezke, 4 eurotan bandaren bazkideendako eta 6 eurotan sarrera orokorrak.