Auzitegira gobernuaren diru banaketa bat

Guaixe 2026ko urtarrilaren 8a

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Altsasuko Udalaren ustez 200.000 euro gehiago jaso zituen joan zen urtean. 

Altsasuko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren garilaren 23ko 220/2025 Ebazpenaren kontra. Ebazpen horren bidez, Nafarroako udalei eta kontzejuei dagozkien behin betiko zenbatekoak onartu ziren kontzeptu hau dela eta: toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa 2025eko ekitaldirako (transferentzia arruntak).

Udalen finantzaketa Nafarroako Gobernuaren oso menpekoa da. Funts hori %5 inguru handitu zen, Barne Produktu Gordina gehi bi puntu. Altsasuri, ordea, %0,19 igo zitzaion, hau da, 200.000 euro gutxiago jaso zituen udalak. Baina aurretik foru administrazioak Altsasuko Udalari jakinarazi zion 3.395.764,70 euro zegozkiola. Eta hala jaso zuen 2025eko aurrekontuetan. Baina 200.000 euro gutxiago jaso zituen, eta diruzaintzako gerakinarekin berdindu zuen udalak sortutako "zuloa".