Fara hotsa dariola

Guaixe 2026ko urtarrilaren 8a

Aurrean Urko Borrega Velilla eta Xabier Erreka Oraa. Atzean Ainhoa Ramirez de Alda eta Alaitz Larraza. NEREA MAZKIARAN

Ilbeltzaren 5ean Alde Zaharrean barna ibili zen haur segizioa. Ohitura berreskuratu zela 50 urte bete dira. 

Altsasuko Foru plaza atzera ere jendez bete zen ilbeltzaren 5eko arratsaldean. Farajoleen buruzagia aukeratzeko zozketak jarri zuen hitzordua. Ohi denez, haurren artean 350 opil banatu zituzten Ainhoa Ramirez de Aldak, Alaitz Larrazak, Mª Carmen Goikoetxeak eta Jokin Zelaiak. Opiletako batek oparitxoa zuen barruan eta hura Xabier Erreka Oraaren eskutan suertatu zen. 10 urteko haurra izendatu zuten farajoleen buruzagia Nafarroako himnoaren doinua entzuten zela. Aurretik buruzagi izandako Urko Borrega Velillaren eskutik narrua, hilabete bakoitzeko fara txiki bana duen gerrikoa, txapela eta makila jaso zituen. Ondoren, buruzagia buru zutela, haurrak Alde Zaharreko karriketan barna lasterka ibili ziren, gerrian zituzten farei hotsa ateraraziz. 

Haurrek errege egunaren bezperan farak jotzeko ohitura oso zabalduta dago herrietan. Altsasun galdu egin zen eta egungo moduan berreskuratu zuten Enrike Zelaiak eta Luis Mari Lopez de Goikoetxeak. 1976an izan zen. Ordutik behin gelditu da hautaketa egin gabe, pandemia garaian izan zen, 2021ean. Beraz, atzokoa farajoleen buruzagia aukeratzen zen 50. aldia izan zen. 

Erlazionatuak