Saskibaloia

CBASK, urtea ongi hastera

Guaixe 2026ko urtarrilaren 9a

CBASK klubeko talde nagusietako jokalariak harreman ezin hobea dute.

CBASK saskibaloi klubeko taldeek oporren ondoren asteburuan ligari ekingo diote

Altsasuko CBASK Saskibaloi klubeko taldeendako Eguberrietako oporrak atzean geratu dira. Mutilen talde nagusiak etxean jokatuko du urteko lehen jardunaldia, Zelandi kiroldegian, eta emakumezkoen taldeak, aldiz, Zizurren. Ilbeltzaren 3an 2025/2026 denboraldiko taldeen aurkezpena egin zuten, giro ederrean, eta talde guztiak lanera itzuliko dira. 

Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan hamabigarren jardunaldia dago jokoan, CBASK-ek Anpri Gazte Berriak taldea hartuko du ilbeltzaren 10ean, 17:50ean, Zelandi kiroldegian. CBASK bosgarren da sailkapenean (14 puntu), eta sailkapenean zortzigarren den Anpri Gazte Berriak taldearen kontra bolada onean hasi nahi du denboraldia. 

Nesken lehen maila autonomikoan CBASK taldeko neskak sailkapeneko goiko postuetan daude. Hamaika jardunaldi jokatuta hirugarrenak dira (19 puntu), horietatik zortzi irabazita eta hiru partida galduta. Ilbeltzaren 10ean, larunbata, sailkapenean hamabigarren den Avia Zizur Ardoi izango dute aurkari, Zizur Nagusiko kiroldegian, 19:45ean.