Gaztetxean egindako zazpi kontzerturengatik Guardia Civilak Altsasuko Udala salatu du

Guaixe 2026ko urtarrilaren 12a

Altsasuko gaztetxea. ARTXIBOA

Herrizaingo Zuzendaritza Nagusiak Altsasuko Udalaren kontrako 42.000 euroko zehapen edo zigor prozedura hasi du. Altsasuko Gazte Asanbladak “Euskal Herrian gaztetxeen kontra egiten ari diren erasoaldiaren baitan” kokatu du jazotakoa.

Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak zehapen edo zigor prozedura hasi du Altsasuko Udalaren kontra. Haren abiapuntua Guardia Civila da, 2024ko martxotik 2025eko irailera gaztetxean egindako zazpi kontzerturengatik beste horrenbeste salaketa jarri zituelako. Zehapenaren zenbateko osoa 42.000 eurokoa da, 6.000 euro salaketa bakoitzeko. Gaztetxea okupatutako eraikina da eta udalarena da. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "formalki eraikinaren erabileraren arduraduna den pertsona bat edo gehiago, edo elkarterik ez dagoenez, egiten diren jardueren arduraduna Altsasuko Udala da".

Udalak alegazioak aurkeztu ditu. "Guardia Civilak eta Barne Zuzendaritza Nagusiak badakite gaztetxearen kudeaketa azken 35 urteetan nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldeek egin dutela, eta, gainera, talde horiek etengabe aldatzen ari direla", azpimarratu du Ollok, eta "Guardia Civilak errazena egin du. Sare sozialetara jo du zer ekitaldi egiten diren ikusteko eta, horrekin, Altsasuko Udalaren kontrako zehapen-prozedura bat hasi du, eraikinaren titular gisa edo, gutxienez, arduradun gisa". Alkateak azpimarratu du, halaber, "bidegabea" dela zehapen-prozedura bat irekitzea gaztetxea 35 urtez etengabe erabili ondoren, eta Guardia Civilaren salaketak "lankidetza eta leialtasun instituzionalaren printzipioetatik urrun" geratzen direla.

Bestalde, Udala Altsasuko Gazte Asanbladarekin (AGA) hitz egiten ari dela adierazi du alkateak, orain arte Gaztetxean egiten diren jarduerak, kontzertuak barne, "berme guztiekin egiten jarraitu ahal izateko". Udalaren eskumenekoa den egoera erregularizatzeko aukerari dagokionez, hainbat formula aztertzen ari direla eta zigorrek lan hori errazten ez dutela aurreratu du. "Zigortzeko ahala izan behar da botere publikoen azken baliabidea, eta ezinbestekoa denean bakarrik ezarri behar ditu zehapenak", azpimarratu du.

Gehiago
Ollok esan duenez, "jakin badakigu Guardia Civilak erabaki duela Udalaren kontrako horrelako salaketak egitea presioa egiteko helburuarekin, bai eraikinaren lagapena erregularizatzeko, bai eraikina husteko". Alkateak gaineratu duenez, "ez dut inoiz gaztetxe hori hustuko; izan ere, gaztetxearen antolaketarekiko ezberdintasun ideologikoez aparte, beti defendatuko dut, azken 35 urteetan bezala, beren jarduerak egiten jarraitzea. Herri osoko alkatea naiz, baita gaztetxera joaten diren gazteena ere. Ez diet Guardia Civilaren presioei amore emango kasu honetan, eta gaztetxeak Altsasuko eragile sozial eta kulturalen beste agente bat izaten jarrai dezan borrokatuko naiz". Era berean, azpimarratu duenez, "salaketa horiek inflexio-puntua dira orain arte udalaren eta Guardia Civilaren erakundearen artean zeuden harreman zuzen eta profesionaletan, eta alkate naizen aldetik, beti pentsatu izan dut hala izan behar dutela".

"Kultura hauspotzen jarraitzeko, gaztetxeak aurrera!"
AGAko kideek "Nafarroako Gobernuaren eta Guardia Civilaren erasoaren harira" oharra zabaldu dute sare sozialetan. Asanbladako kideek nabarmendu dutenez, "ez da errepresio indarrek gaztetxea erasotzen duten aurreneko aldia: 2010ean tximiniak su hartu zuenean gaztetxea desalojatzen saiatu ziren, zuzenean mehatxatu izan gaituzte espazioa desalojatuko dutela esanez eta, orain, isun ekonomikoen bidez, udala bitartekari gisa erabili nahi dute erasoa gauzatzeko". AGAko kideek "Nafarroako Gobernuaren funtsezko papera" nabarmendu dute: "ardura zuzena dauka isunak tramitatu eta alegazioa ezeztatu duelako". 

AGAko kideen iritziz, "argi dago Nafarroako Gobernuaren eta Guardia Civilaren arazoa ez direla kontzertuak, baizik eta gure herrian gaztetxe eta asanblada bat izatea, benetan zapuztu nahi dutena honek betetzen duen funtzioa delako". Adierazi dutenez, "gaztetxea eta asanblada ezin egin politiko, sozial eta kulturalei erantzuteko tresnak dira, gazte langileon proiektuak aurrera eramateko espazioak". Eta bere ibilbidean zehar antolatutako eta eraikinak hartutako ekimenak gogorarazi dituzte: haurrendako ikuskizuna, preso eta Abiadura Handiko Trenaren kontrako borroka, hitzaldi, tailer, kontzertu, ikuskizun, Gaztewood, Altsasu Xtrem… 

Altsasukoa "ez da kasu isolatu bat. Euskal Herrian gaztetxeen kontra egiten ari diren erasoaldiaren baitan ulertu behar da". Hustutako gaztetxeak eta auzibideak dituztenak gogoan izan dituzte. Horregatik, jazotakoa "antolakuntzaren eta okupazioaren kontrako ofentsiba orokorraren beste adierazle bat da". 

AGAko kideek "okupazioaren hautua" berretsi dute, "logika kapitalistaren kontra egiten duela eta gazte langileoi espazioaren gaineko kontrola ematen digulako". Adierazi dutenez, "proiektu hau klase kontzientzia zabaltzeko tresna izanik, sua piztuko duen txinparta izan daitekeela argi dugu". Nabarmendu dutenez, "oztopo guztiak gainditzeko borrokan jarraituko dugu, gizarte justu baten aldeko konpromiso irmoa berretsiz". 

Gaztetxeaz
Aurretik osasun sorospen gela hartu zuen eraikina 1990eko lastailaren 5ean okupatu zuten. Alde Zaharreko Txiki Polita kaleko 13. zenbakian dago. Eraikinak beheko solairuan areto nagusia, barra, sukaldea eta komuna ditu. Bigarren solairua, berriz, hainbat gela daude. Haietako batean du estudioa Garraxi Irratiak (FM 101,9 eta garraxi.noip.me). Solairu bakoitzak 129 metro karratuko azalera du. Goikoganbara ere badu.