Astekaria

Kintoen komunikatua Santa Ageda ospakizunera begira

Guaixe 2026ko urtarrilaren 21a

Kintoen talde argazkia. KIKI ASENSIO

Ospakizunaren aurretik jarrera finkatu dute. 

Altsasuko kinto ospakizunak aurten otsailaren 5etik 9ra izanen dira, ostegunetik astelehenera. Kintoen buruzagi aukeraketarekin Altsasun Santa Ageda ospakizunetarako prestaketak hasita daude. Joan zen urteko kinto ospakizunetan gertatutakoaren jakitun, aurtengo kintoek oharra zabaldu dute sare sozialen bidez. Kintoek "herriari kalte egiten dion edozein ekitaldiren kontra gaudela argi utzi nahi dugu". Kintoek azpimarratu dutenez, "aurten jende guztiak gozatzeko aukera izango duen festak sustatzeko lan egingo dugu, gainerakoei kalterik egin gabe". Gazteek gaineratu dutenez, "auzokide eta bisitari askok festa horiek ospatzen dituzte gurekin batera; beraz, haiei ere laguntza eskatu nahi genieke istiluak saihesteko". Kintoek adierazi dutenez, "gizalegerik gabe jarduten dutenek erantzukizunak bere gain hartzeko unea da, kintoak izan ala ez".

Azkenik, kintoek nabarmendu dute "festa horietan gure eginkizuna herrian zoriontasunez betetako giroaz gozatzea eta besteek ere goza dezaten laguntzea da. Santa Ageda herriaren eta herriarendako festa bat da, eta gu ageriko aurpegia baino ez gara".