Dendariek egiten duten lana aitortu asmoz, Nafarroako Gobernuak estreinakoz Merkataritza Gala antolatu zuen abenduaren 11n. Banakako Ibilbide Onenaren Saria Izara Cortina Storko Gorka Garcia Romanek eta Ana Diaz Begiristainek jaso zuten. Garciak bezeroei eskerrak eman dizkie, "saria bezeroei zor diegu, haiek gabe ez geundekeelako hemen. Bezeroak sariarekin identifikatuak senti daitezela nahi genuke". Sakandarrak nagusi badira ere, Goierriko eta Lautadako bezeroak ere badituzte. Garciak gaineratu duenez, "ibarreko gainerako dendariek sari horiek ezagut ditzatela nahi genuke". Esker ona adierazi diote ere Altsasuko Dendarien Elkarteari (ADE), Nafarroako Dendarien Federazioari eta Merkataritza Ganberari.
Ibilbidea
Garciaren gurasoak, Sebastian Garcia Martin eta Mari Roman Casasola, Ordiziatik Altsasura etorri ziren 1959an. "Bajera bat alokatu zuten gaur egun Tu Tienda denda dagoen tokian. Hasieran arropa saltzen zuten. Baina garai hartan denetarik behar zenez, produktu eskaintza asko zabaldu zuten: arropa, altzariak, argiteria, etxetresna elektrikoak, gortinak..." Tu Tiendan arropa utzi eta Arkupe Altzariak zabaldu zuten 1991n, altzariei eta etxeko produktuei zuzenduta. 1998an sortuko zuten Izara denda, gerora urte eta erdiz Beasainen beste denda bat izan zuena. Beraz, bikote ekintzaile haren hiru seme-alabak denda bana dute Altsasun gaur egun: Maruk Tu Tienda arropa denda kudeatzen du, Juliok Arkupe altzariak eta Gorkak Izara Cortina Stor.
Azaldu duenez, "krisiarekin eta aurreneko merkataritza gune handiak zabaltzen hasi zirenean, bezeroak beste ohitura batzuk hartzen hasi ziren. Birmoldaketarako garaia zen". Horregatik, ADEk eta Ganberak ikastaroa antolatu zuten 90eko hamarkadan. "Han gure merkatari pentsaera eta ikuspegia aldatu zen". Horren ondorioz, aldaketak egiten hasi eta prestakuntzan sakondu zuen Garciak: merkataritza kudeaketa eta kontabilitatea, marketinga, bezeroari arreta, salmenta... Horrela "zer lan kanpora atera, zer egiten segi eta zer aldaketa egin behar ziren zehaztu genituen". Prestakuntzak sekula ez du etenik izan. AENORren kalitate ziurtagiria du dendak 2006tik.
Asoziazionismoa
Dendariak eskualdeko elkarteko eta sektoreko elkarteko kide izatea ezinbestekoa dela nabarmendu du. ADEko zuzendaritzan hirutan izan da Garcia. Jasotako prestakuntzaren ondorioz, haien antzeko dendak bisitatu zituzten hainbat hiritan, haiengandik ikasteko. Hartutako aurreneko erabakietako bat izan zen erosketa zentral batean sartzea. "Gure ideia bera zuten dendak opatu nahi genituen. Asociacion Española de Centrales de Compras y Serviciosekin harremanetan jarri ginen eta 15 bat zentralen zerrenda eman ziguten". Guztiekin hitz egin zuten. Gesceco zentralarekin lan egitea erabaki zuten, eta onartu egin zituzten. Bartzelonako bi bazkidek eta Tarragona eta Logroñoko banak osatzen dute erosketa zentrala, eta estatuan ehun denda dituzte.
Azaldu duenez, "horrek erosketa politikan aldaketa ekarri zigun eta, talde handia denez, kalitate eta prezio erlazio bikaina lortu genuen. Ondorioz, produktuak primerako kalitatekoak dira eta haien salmentako prezioa arrazoizkoa da. Guztiaren onuraduna bezeroa da". Gaineratu duenez, "fabrikatzaileek gure dendetako prezioak errespetatzen dituzte. Urteko produktuen prezioak dendan haien webgunean baino merkeagoak dira. Hori onuragarria da". Fabrikatzaileekin sortutako aliantza horren ondorioz, biltegian dituzten produktuak finantza baldintza egokietan lortzen dituzte: "produktuak erostean ez dugu dirurik aurreratu beharrik. Horrek krisi garaian malgutasuna eman digu. Halakoetan ez dio prezioari eragin eta bezeroendako baldintza ona da".
Internetek bezeroen ohitura aldaketak ekarri ditu. "Horregatik elkartu beharra dago, lan asko egin eta irudimena izan behar da egokitzeko eta gaindituak ez izateko". Dendan saltzen dute eta webgunea eta sare sozialak erakusleiho gisa erabiltzen dituzte. "Etortzea eta duguna ikusi eta ukitzea nahi dugu".
Kide
Urtetan dekorazioko profesionalekin harremana izan dute. Ondorioz, Kide (Koncept Integra Diseño Espacio) kontzeptua sortu dute eta haren bidez "gortinak integratuta egoteko irtenbide paregabeak garatu ditugu, gela bakoitzean partekatuko duten espazioarekin bat etorriz. Horretan kalitate handiko Estatuko gortinen fabrikatzaileek parte hartzen dute, eta gortinetan hainbat aplikazio, irudiak eta diseinu sartzeko aukera ematen digute, lehen begiratuan ikus dadin gure gortinak espazio horietarako pentsatuta eta diseinatuta daudela". Horrela, beraien lana besteengandik bereiztea lortu dute.
Bitartean lekukoa pasatzeko prestatzen ari dira. Horregatik haiekin lan egiten duten Izaskun Carrasco, Almudena Clemente eta Manolo Grados trebatzen ari dira.