Astekaria

"Idazteko jakinmina behar da; beti dago esateko zerbait"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko urtarrilaren 21a

Javier Corres Bengoetxea idazlea.

Javier Corres Bengoetxea idazle altsasuarrak ibilbide oparoa izan du; bizitzaren eta gizakiaren inguruan hausnarketa egiten du bere lanetan. Azkena, 'El mimo Rusia'.

Haur zela hasi zen Javier Corres Bengoetxea idazten. Poesiarekin hasi zen, eta ondoren hainbat nobela idatzi ditu. Haren lanean gizakiaren barneko erradiografia eta hausnarketa egiten du, eta pixkanaka bere literatura "baikortzen" ari dela esan du. Idazteak "zirkulua ixten" laguntzen dio. 

Noiz eta nola hasi zinen idazten?
Haurra nintzenean, eta arrazoi nagusi batengatik: inguruan ikusten nuena ez zitzaidan gustatzen. Nolabait ikusten nuen hori adierazi behar nuen. Gero, Jesuitetan ikasi nuen eta bertan narrazio laburrak idazten hasi nintzen. Literatura irakasle oso on bat izan nuen, On Aranguru, eta garai horretan Villancico con Cristo Gitano deitutako ipuin bat idatzi nuen. Hamalau bat urte izango nituen, eta irakasleak niri ezer esan gabe Espainiako Sari Nazionalera aurkeztu zuen, eta irabazi nuen. Bertan ikusi nuen idazten eta egiten nituen gauzak norbaiti interesatzen zitzaizkiola. 

Eta idazten jarraitu zenuen.
Bai. Poesia liburuak idazten hasi nintzen: Este silencio sonando (1983), poesia nerabea da, guztiaren kontrakoa, errebeldea eta gizartearen gora beherak salatzen dituena, garai horretan ere oso handiak zirela. Ondoren, Del teatro y el sueño liburua publikatu nuen (1986). Poesia pertsonalagoa zen, giza harremanetan oinarrituta. Liburu honek RAEren sari bat jaso zuen eta Madrilen egon nintzen saria jasotzen. Anekdota bezala, bertan Jose Menese zegoen, flamenko kantaore bat, eta flamenkoaren mundu hori ezagutu nuen haren bidez. Horren ondoren nobela bat idazten hasi nintzen, modu serioago batean: Irene Klein (2001). Emakume baten bizitza kontatzen du; bere burua aurkitzen du eta aurkitzen duenarekin harritzen da. Bidaiak egiten ditu eta harreman asko egiten ditu; tokien eta pertsonen deskribapen asko eta zehatzak agertzen dira.

Duela gutxi Estación en seco nobela publikatu nuen, Papeles del duende argitaletxearekin (2020). Eleberri oso soziala da. Mundu osoan, baina bereziki Amerikako Estatu Batuetan, ematen den organo trafikoarekin inguruko analisi bat egiten du. Gaur egun AEBtan ikusten ari garenarekin oso ongi ikusten da ez dutela inolako etikarik edo moralik. Dirua dute, eta orduan gizon batek zoritxarrez bihotz bat edo giltzurrun bat behar badu, mahai gainean 500.000 dolar jartzen ditu eta hurrengo egunean Hego Ameriketara joaten dira, gaztetxo osasuntsu bat erailtzen dute, eta organoak hozkailuan hegazkinez AEBtara eramaten dituzte. Harriduratik eta zitalkeria iraingarrienetik ibilbide bat egiten du nobelak. Gizakiaren duintasunaren inguruan hausnarketa egiten du; duintasunak aurre egingo du edo horrelako gauzekin bizi beharko gara? Publikatu dudan azken nobela El mimo Rusia deitzen da. Baina ez Errusia herrialdea, baizik eta Nafarroan dagoen Errusia da; Lizarra ondoan dagoen Larra ibarra. Bost herrik osatzen dute, eta mikroklima eta mikrokomunitate bat osatzen dute. Nire aita bertakoa zen, Biloriakoa, eta bertan kokatu dut liburua. Mimo bat da, pailazoa, eta mundu osotik emanaldiak egiten ditu. Fantasia handiko gauzak egiten ditu. Idatzi dudan liburu baikor eta ilusionagarriena da. Irudimenaren eta fantasiaren bidez bakoitzak dauka emateari buruz hitz egiten du. Ez errealitatetik ihes egiten, baizik eta errealitatea osatzen. Liburua Amazonen dago. 

Gizakiaren barrukoari buruz hitz egiten duzu, ezta?

"Lehenengo norberaren barruan begiratu behar dugu, eta gero kontatu"

Bai, badagoelako errealitate bat ukaezina dena eta da desberdinak garela. Esaterako, nik bi seme ditut eta bakoitza bera da; desberdinak dira. Misterio bat da eta hausnartzeko unibertso erraldoi bat. Kaletik topatzen zaren edozein pertsonak bizitza bat du. Bere motxilekin, bere zalantzekin, bere beldurrekin... Askotan arrazoirik gabeko beldurrak izaten dira, gehienetan eliza bezalako erakundetik sortutakoak. Hasierahasieratik erruari buruz hitz egiten du elizak; errudunak garela diote. Zergatik? Jaiotzeagatik? Erabaki ez dugun toki batean jaiotzeagatik? Zergatik gara bada errudun? Beldur hori sortu dute. Heriotzagatik, betikotasunagatik. Elizak botere handia izan du eta horrek sorrarazi ditu benetakoak ez diren beldurrak. Orduan,bakoitzak bere burua ezagutzea eta horrekin bizitzea da garrantzitsuena. Gure barnean dena dagoelako. Horretan hausnartzea gustatu izan zait betidanik. Lehenengo norberaren barnean bilatu behar dugu, eta gero kontatu. Izan ere, izaki sozialak gara eta harremandu behar gara. Hortik abiatzea gustatzen zait. 

Zure idazteko modua aldatu da? 
Oraindik inguruan ikusten dudana ez zaigu gustatzen, baina badira gauza asko gustatzen zaizkidanak. Hala ere, bakarkako gauzak dira. Hau da, jende izugarria ezagutzen dut, merezi duela, interesa propioak dituztenak, eta horrek eragiten dit azken aldian modu baikor batean idaztera. Bestetik, prentsan eta literatura aldizkari askotan ehunak artikulu idatzi ditut ere. Idazten jarraitzen dut. Jendeak esan dezake: Baina esateko zerbait gelditzen zaizu? Beti dago zerbait esateko. Badago jendea esaten duena ez dugula ezerengatik harrotu behar. Kontrakoa pentsatzen dut; noski harrotu behar garela. Argia ematen digun eguzkiagatik, loreengatik, naturagatik... Bukatu gabe dagoen bizitzagatik harro egon behar gara, bizitza beti izango delako bukatu gabea. Orain, adibidez, beste nobela bat idazten ari naiz.  

Nolakoa da zure sormen prozesua? 
Lan asko egin behar da. Jendeak uste du batbatean inspirazioa etortzen zaizula eta listo. Ezta pentsatu ere. Lanean jartzen ez bazara, ez da ezer sortzen. Ni idazten jartzen naiz eta orduan gauzak sortzen dira. Uneoro ohartxoak hartzen ditut; edozein tokitan nagoela zerbaitek atentzioa ematen didanean apuntatzen dut. Gauzarik txikiena bada ere: pertsona baten ibiltzeko modua, esaterako. Oso behatzailea naiz; ez dakit zorigaitza den edo ez, baina oso kontzientea naiz ere. Ez dit ezerk ihes egiten, eta batzuetan madarikazio bat dela uste dut. Edozer gauzak harritzen nau, objektuak ere. Ohartxoak hartu, idazten jarri eta sortzen joaten naiz. Gero asko zuzendu behar da, baita gauzak zaborrera bota behar dira ere. Nobela bat idazten urte bat inguru egon naiteke. 

Zer ekartzen dizu idazteak? Nola sentitzen zara? 

"Idaztean zirkulua ixten dut; zirkulu horretan haustura txiki bat dago, eta ixten noa"

Oso ongi sentitzen naiz. Zirkulua ixtea bezala da. Zirkulu horretan beti hastura txiki bat dago, eta hori ixten noa. Munduarekiko osotasun bat lortzen dut. Hausnarketa egiten dut eta bizitza zer den kontziente izaten saiatzen naiz. Bizitza nola bizi dugun. Idazteak oso ongi egiten dit eta idazten dudanean zoriontsu naiz, zoriontsu letra txikietan betiere. 

Idazten ikas daiteke edo berezko zerbait da? 
Ikas daiteke. Edozeinek idatz dezake. Badirudi idazle bat talentu handiko pertsona bat izan behar dela; idazle bat pertsona normal bat da, baina barruan duena kanpora ateratzen ikasi du. Ez du inolako meriturik idazten baduzu ahal duzulako delako. Idazten ikastea oso erraza da. 

Ez dago adinik. 
Ez. Are gehiago, zahartzaroan idazteko aukera gehiago dago denbora duzulako, eta denbora horri eginbehar bat ematen diozu. 

Zer da zuretako idazteko ezinbestekoa? 
Jakinmina eta ilusioa.