Futbola

Altsasu Oberenaren kontra erori zen

Guaixe 2026ko urtarrilaren 20a

Emakumeen hirugarren mailako hamalaugarren jardunaldian talde sakandarrak ez zuen punturik lortu

Emakumeen hirugarren mailan Iruñean jokatu zuen Altsasuk, Oberenaren kontra. Lehen zatian nor baino nor aritu ziren taldeak. 33. minutuan Oberena aurreratu zen, eta lehen zatiko luzapenean bigarrena sartu zuten iruindarrek, atsedenaldira bi goleko errentarekin joanez. Bigarren zatia hasi eta berehala Eider Vicentek 2-1 hurbildu zuen Altsasu, baina Oberenak ez zuen arriskurik nahi izan eta bi gol sartu zituen segidan, 4-1 jarriz. Laida Garziandiak 4-2koa jarri zuen 69. minutuan, eta markagailua ez zen gehiago mugitu. 

Osasuna B da liderra (40 puntu), jokatutako hamalau partidetatik hamahiru irabazi eta bat berdindu eta gero. Mulier da bigarrena (36 puntu). Altsasu zortzigarren postura jaitsi da (15 puntu). Hamabosgarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean laugarren den Berriozar hartuko du.