Milioi bat inbertsioetarako

Guaixe 2026ko urtarrilaren 27a

Altsasuko udaletxeko atzeko aldea. Eskuineko eraikina bota eta han artxiboa kokatuko du. Ezkerrekoan udaltzaingoaren egoitza. ARTXIBOA

Hori da Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontuaren bidez aurreikusi duena. Aurtengo lanik nabarmenena udaletxearen eraberritzea izanen da. Eskolan, Burunda frontoian edo adinduen egoitzan ere hobekuntza lanak eginen dira.

Altsasuko Udalak aurten 10.150.390,24 euroko aurrekontua izanen du, joan zen urtean baino 151.922,75 euro gehiago. Horren barruan daude udalaren bi erakunde autonomoak: Udal Musika eta Dantza Eskola 452.044,98 euroko aurrekontuarekin eta Aita Barandiaran adinduen egoitza 1.488.009,24 euroko aurrekontuarekin. Bestetik, udal kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo Altsasu SL enpresak 911.026,74 euroko sarrerak eta 910.926,74 euroko gastuak aurreikusi ditu.

Herriko etxea
Udaletxea erabat eraberritzeko lanak otsaileko lehen erdialdean hasiko dira. Erki Construccion Sostenible SM enpresa eginen ditu 1.418.397,17 (BEZ barne) euroren truke. Hamar hilabete iraunen dute. Obra finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 2025eko aurrekontuetatik 300.000 euro eta 2026kotik 230.000 euro jasoko ditu zuzenean. Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa pare bati esker izan zen hori. Bestetik, gobernuaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdiko 180.000 euro jaso ditu lan horretarako. Udaletxeaz aparte, egitasmoak aurreikusten du atzeko aldean dagoen eraikia artxibo gisa egokitzea eta udaletxearen iparraldean dagoen eraikina Udaltzaingoaren egoitza hartzeko egokitzea. 

Udaletxeko lanak iraun bitartean udalak bere zerbitzuak beste eraikin batzuetan eskainiko ditu. Garbitoki eraikineko lehen solairuan alkateren, idazkariaren eta diruzainaren bulegoak, ogasuna eta jendeari arreta eskaintzeko tokia egonen dira. Azpian dagoen gimnasioan udal artxiboa egonen da. Bestetik, Iortia kultur guneko erakusketa gelan hirigintza eta Udaltzaingoaren bulegoa egonen dira. Udal bilkurak eta bilerak Gure Etxea eraikineko lehen solairuko gela handian eginen dituzte.

Inbertsioak
Udalak, guztira, 1.076.184 euro inbertituko ditu. Esaterako, Zelandi eskola publikoko ikasgelen eraikineko teilatuaren zati batekin batera Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoen estalpeko teilatua berrituko ditu udala udan. Lanak 100.000 euroko aurrekontua du eta udalak 60.000 euroko dirulaguntza espero du. Bestalde, Aita Barandiaran adinduen egoitzako patioa eraberritu eta erabilgarri uzteko 60.000 euro bideratu ditu udalak.

Bi erosketa berezi aurreikusi ditu udalak ere: Obren Zerbitzuarendako kamioia (100.000 euro) eta herriaren erdigunean kokatuko den autogarbitzen den komuna (85.000 euro). Dantzalekun, berriz, irristaketa eta txirrindularitza eskoletako ikasleek erabiltzeko pista eraikiko du udalak. 65.000 euro daude aurrekontuan. Alde Zaharreko argiteria publikoa berritzeko 40.000 euro daude aurreikusiak. 17.784 euro, berriz, saneamendu eta ur hornidura sareen digitalizaziorako izanen dira.

Ondarria industrialdea berritzeko lanak despedituta, aurten Ibarrearen txanda izanen da. Hango zorua berritzeko lanen aurreneko fasea eginen da. 140.000 euro jarri ditu udalak, eta 75.000 euroko dirulaguntza aurreikusi du. Bestalde, baratze ugari dauden Larruntza dermioko bidea berritzeko 72.000 euro izanen dira. Gainera Basoitxi eta San Pedron sasiak kentzeko lanak eginen dira, 15.000 euro daude horretarako.

Aurreko bi urtetan Burunda frontoiko taberna berritu ondoren, aurten hura jantziko du udalak 15.000 eurorekin. Horren ondoren Atabo Altsasu SM udal enpresak tabernaren kudeaketa emateko deialdia eginen du. Frontoian bertan argiteria berrituko du udalak. Fokuak kontrakantxan jarriko dituzte eta haietara joateko pasabidea eginen da. Fokuek LED argiak izanen dituzte, frontoiko gainerako guztiek ere. 88.000 eurokoa da gastu aurreikuspena.

Altsasuko ikastetxeekin belaunaldien arteko programa edo tailer bat eginen da lehen aldiz. Horretan gazteek eta adinekoek parte hartuko dute. Arte eta sortze adierazpenen bidez, tailer horretan belaunaldiz belaunaldiko eta egungo gizarte eta hezkuntza balioen problematikak landuko dira.

Aurrekontuak Geroa Bairen aldeko eta EH Bilduren kontra botoarekin onartu ziren. Oposizioak gaztigatu zuenez, aurrekontua "bikoiztu" eginen da. "Errepikatzen den kontua dela eta hori zuzentzeko aurrerabiderik edo emaitzarik ez dugu ikusten", nabarmendu zuen. Koalizioak ere ez zuen begi onez ikusi zergak izoztea eta, aldi berean, udaleko zerbitzuei eskatzea beraien diru sailak mantentzea aurrekontu oreka izateko. "Murrizketa txiki bat da hori. Zergak murriztua herritarrei eskaini dakizkien zerbitzuak handitzea zaila da". EH Bilduk aurkeztutako bederatzi emendakinetatik hiru onartu ziren: Nasuvinsaren alokairu poltsak etxejabeei eskaintzen dizkien baldintzen berri emanez etxe guztietara informazioa zabaltzea; Altsasu Berdin proiektu garatzeko ikerketa egitea herriguneko hirigintzak etorkizunean pertsonak erdigunean jar ditzan eta, azkenik, tokiko merkataritza sustatzeko jarduerak egitea.  

Beste diru sail batzuk

• Kirol eskolekin hitzarmenak 172.762 euro. 
• Festak 155.000 euro.
• Kultur jarduerak 90.000 euro.
• Etxegabeen aterpea 34.000 euro. 
• Musika eragileendako 33.464,51 euro.
• Kirol klubendako dirulaguntza 28.866 euro. 
• Kirol bartzordeko jarduerak 27.230 euro. 
• Ikastetxeendako dirulaguntzak 25.500 euro. 
• Bideak mantentzeko 20.000 euro. 
• Berdeguneak mantentzea 20.000 euro. 
• Berdintasuna 19.870,28 euro.
• Feria 18.700 euro.
• Ferietako jarduerak 15.000 euro.
• Udako kultur jarduera 15.000 euro.
• Kontsumo bonoak 15.000 euro.
• Jubilatu elkartea 14.737 euro.
• Bi buruhandi berri 8.700 euro.
• Euskarazko jarduerak 5.160 euro.