Astekaria

"Beharrezkoa da fronte antifaxista zabala eratzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko urtarrilaren 28a

Jare eta Jon Ander.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) 'Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka!' lelopean manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean ilbeltzaren 31erako. Jare Maiza Altzelai eta Jon Ander Cob Amilibia GKSko kideak dira. 

Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Autobusez joan nahi duenak kideengana, sare sozialetara jo edo Lezea edo Arkangoa tabernetan eskura ditzakete txartelak. 

Zer da faxismoa?
Jare. Faxismoa oligarkia kapitalistak sistema dagoen bezala mantentzeko erabiltzen duen joera da, krisi garaiotan areagotzen dena. Langileriaren kontrako diskurtsoa bulkatzen dute, sektore minorizatu batzuen kontra eginez.

Horrek dakar estatu autoritarioa?
Jon Ander. Estatu autoritarioa txanponaren beste aurpegia da. Legediaren gogortze bat dago. Langile klasearen kontrako legeak egiten dira: Mozal Legea, okupazioaren kontrakoa... Bestetik ikusten dugu estatu polizial bat sortu nahi dela, poliziari geroz eta eskumen gehiago emanda eta haren intereserakoak diren erabakiak hartuta. Gainera, estatuen militarizazioa dago: NATOko herrialdeek gastu militarra handitu dute eta legediak moldatzen ari dira, pitteka, soldaduska martxan jartzeko. 

Testuinguruaren zein irakurketa egiten duzue?
J. Hainbat aurpegi ditu. Alderdi parlamentari faxistak ditugu, esaterako, VOX. Italian Meloni agintean dago. Ameriketako Estatu Batuetan Trump, eta joera faxistak hedatzen ari dira. Bestalde, Falange moduko antolakunde ideologiko faxistak ditugu. Azkenik, kalean hedatzen ari diren talde biolentoak: Desokupa, Torre Pacheco, Martzilla... 

JA. Ez da ausazko gertaera bat, atzean interesak daude. Oligarkiak mendebaldeko estatuen forma aldatzeko interes argia du, hala estatu autoritarioago batera pasatzeko. Eta faxismoak beraiendako funtzio bat betetzen du. Esaterako, ultranazionalismoaren bitartez soldaduska bueltatzeko ideia normalizatzen du, edo gerrara joan behar izatea zure herrialdearengatik. Diziplinatzen ditu langile klaseko sektore kolpatuenak eta langile klasea banatu eta zatitzen du burgesiaren kontrako iraultza posiblerik edo antolakuntza posiblerik gerta ez dadin. Mendebaldeko oligarkien irabazi tasa geroz eta txikiagoa da beste herrialde batzuekin duten konpetentziarengatik. Beraz, beraiendako inperialismoa da modu bat konpetentzia kapitalistan izan ditzaketen galerak neutralizatzeko. 

Horrek guztiak zer ondorio ditu?
J. Langile klasearen kontrola lortu nahi dute errepresio politikoa gauzatuz. Gerra testuingurua normalizatu nahi dute, langile klaseko gazteak gure artean hiltzera bulkatuz haien interesen alde. Eta gure eskubide politikoak deuseztatu: emakumeon eskubideetan atzera eginaraziz, migranteen deportazio masiboak eta klaseen arteko batasuna hori hausten saiatuz. 

JA. Balizko ongizate estatu hori pitteka desegiten ari dira. Ez da bateragarria gastu militarra %5 igotzea eta lehengo kopuru bera Osasunera bideratzea. Halako talketan ikusten da estatu kapitalistek zer norantza hartzen ari diren: langile klasearen interesen kontrakoak. 

Zergatik mobilizatu behar da?
J. Euskal Herria ez dagoelako joera horretatik salbu. Guk euste-horma bat eraiki nahi diogu Euskal Herriko joera faxistak neutralizatzen jarraitzeko. Ikus dezatela milaka gazte antifaxista edukiko dituztela aurrean. 

Ondoren, zer?
JA. Guretako beharrezkoa da fronte antifaxista zabal bat eratzea langile klaseko hainbat kolektibo eta pertsonen helduen artean. Fronte zabal hori fronte iraultzaile bat izan behar du, independentzia politikoz jardungo duena, politiko profesionalen interesetatik at egongo dena. Hori da faxismoaren kontra bidea egitea.