Astekaria

"Egun ikusten duguna gure kontu eraiki da, auzolanen bidez"

Mikel Etxaiz San Roman 2026ko urtarrilaren 29a

Aurrio Trepalari Taldeko Jaime Sanzol, Oier Zelaia eta Oihana Zubikoa, Altsasuko rokodromoan.

Altsasuko rokodromoa egoitza duen Aurrio Trepalari Taldeak 28 urte bete ditu, osasun ederrean. Auzolanaren aldeko apustu argia egiten jarraituko dutela garbi dute Jaime Sanzolek, Oier Zelaiak eta Oihana Zubikoak

Eskaladak bilakaera argia izan du azken urteotan eta Altsasuko Aurrio Taldeak bilakaera hori lehen pertsonan sumatu du. Asanbladaren bitartez lan egiten du taldeak eta lortutako fruituak ikusita, ez du ematen aldatuko direnik. Badirudi kirol batzuek hartu dutela garrantzi eta foku mediatiko handiena. Azken urteotan, aldiz, mendi kirolen susperraldi baten aurrean gaudela ematen du. Baina, bada Altsasun, aspalditik, eskalatzaileen egoitza izan den eta oraindik ere baden Aurrio Trepalari Taldea. Izan ere, taldeak 28 urte bete ditu. Hasieran, rokodromoa beste kokaleku batean bazegoen ere, gaur egungo lokalak, eta baita taldeak berak ere, bilakaera handia izan du. Hasiera-hasieratik ibilitako Jaime Sanzol, orain arte presidentea den Oier Zelaia eta taldeko kide den Oihana Zubikoa dira 90 bazkideetatik hiru.

Altsasuko rokodromoan gaude gaur. Taldeak 28 urte bete dituela esan dugu hasieran, baina hasieratik zabiltzate hemen? 
Jaime: Duela ia 30 urte, rokodromoak ez zeuden oso zabalduta oraindik. Mendian hasten ginen eskalatzen eta horren ondoren, mendira joateko entrenatzeko lokal gisa sortu ziren hasierako rokodromoak. Hemen, Altsasu inguruan eskalatzen genbiltzan talde bat lokal hori behar genuela konturatu ginen, eta beraz, Altsasuko Udaletxearekin harremanetan jarri ginen. Garai hartan libre zegoen lokal bat utzi ziguten: orain musika taldeek entseatzeko duten Zelandiko lokala.

Noiz erabaki zenuten lokalez aldatzeko momentua zela, eta gaur egungo rokodromora pasa behar zinetela?
Jaime: Zelandiko lokala txiki gelditu zitzaigun. 3 urte eman genituen hor eta gero eta jende gehiago elkartzen hasi ginen. Lokala oso txikia zen, baxuegia. Eromena zen hura. Alde batean rock talde bat genuen. Beste aldean, beste bat. Eta gu, bitartean, hor erdian eskalatzen. 20 pertsona inguruko taldea ginen jada eta beste zerbaiten bila hasteko momentua zen. 

Oraingo rokodromoak bilakaera handia izan du 28 urte hauetan? 
Oier: Aldatzen joan izan gara berritu dugun bakoitzean. Forma aldatu izan diogu zerbait berritu behar izan dugunean. Heldulekuek ere bilakaera handia izan dute urte hauetan, eta horiek ere geuk berritu behar izan ditugu.

Jaime Sanzol: "Alde batera, rock talde bat; bestean, beste bat. Eta gu erdian, eskalatzen"

Jaime: Rokodromoa hartu baino lehen, aukera batzuk eskaini zizkigun udalak. Guzti horietatik aproposena gaur egun arte erabiltzen ari garen lokala izan zen. Hala ere, bilakaera handi bat izan du fase desberdinekin: hasieran portxe bat zen. Atzeko pareta, aldamenekoa eta teilatua besterik ez zuen. Gaur egun ikusten duguna gure kontu eraiki da, auzolanen bitartez. Gogoratzen dut hasierako koltxonetak etxeetako koltxoi zaharrak zirela eta gainetik toldo bat jartzen genizkien. Bilakaera, beraz, azalera eta material aldetik izan da.

Nola antolatzen zarete hobekuntza hauek lortzeko?
Oier: Auzolan egunen bitartez egiten ditugu obra hauek, argi eta garbi. Lehenagotik hasten gara egun horiek planifikatzen: zer lan egingo diren, zenbat pertsona beharko diren, zer behar ditugun… Zorionez, taldean, lan hauen inguruko jakintza duen jendea dago. Igeltseroa ez dena, elektrizitateaz badaki, eta beste batek ur sistemen inguruan. Zentzu horretan, zorte handia daukagu.

Jaime: Hori da. Bazkideen artean gremio guztiak izan ditugu. Hemendik kanpo kisuskilea dena, bere kisuskile taldea zuzendu behar du hemen. Ingeniari bat ere badaukagu. Ez dugu sekula laguntzarik behar izan. Proposamenak eta erabakiak asanbladatik burutzen ditugu.

Oihana: Zorionez, WhatsApp taldeak bere funtzioa betetzen du hor. Zaila izaten da egun batean mundu guztia batzea, eta beraz asanblada iristen ez den tokira WhatsApp taldea iristen da. Egun horietarako lan banaketa eta kudeaketa azkartu du.

Gogoratzen duzue azken auzolana?
Oihana: Urri inguruan egin genuen azken lan eguna, heldulekuen garbiketa. Beti bezala, komandoka antolatu ginen. Egun hauetako batzuk bereziagoak eta konplexuagoak dira, baina beste batzuk mantentze lan egunak besterik ez dira.

Beti entzun izan da taldeko kide izateko plazak beteta daudela aspalditik. Egia al da? Zenbat kidek osatzen dute taldea? 
Oier: Zerrenda handitzen joan gara, baina egia da. Herriko rokodromoa da, eta beti esan dugu: ahalik eta jende gehiena sartu behar da. Baina ez da erraza. Neguan txiki gelditzen zaigu, saturazio azkar sumatzen baita. Duela 10 urte, 50 bazkide inguru ginen. Pixkanaka, handituz joan gara zerrenda eta urte amaieran baloratzen. Oraintxe bertan 90 kidek osatzen dugu taldea. 

Oier Zelaia: "Aurrera begira, lekuz mugatuta gaudela ikusten ari gara jada"

Jaime: Etengabe baloratzeko kontua da. Agian entrenatzea zaila den momentua irits daiteke gehiegi bagara. Egia da 18 urtetik beherako gazteak ezin direla oraindik bazkide egin. Eskalatzeko grina duen pertsona bati ateak ixtea gogorra egiten zaigu, beraz, baimena eskatuz gero, sartzeko aukera dute.

Beste alde batetik, lehiaketak eta txapelketak ditugu. Talde bezala lehiatu zarete noizbait? Txapelketetan parte hartzen duzue?
Jaime: Ez da lehiaketa talde bat hau. Eskaladan, orokorrean, oso gutxi lehiatzen dira. Txapelketa herrikoietan, gehienez ere, parte hartu izango dugu noizbait. Baina, anbiziorik gabe. Ez gara horretarako prestatzen, ez.

Oier: Gure artean egin izan ditugu lehia eta apustu batzuk.

Jaime: Aspaldi, Sakanako liga bat antolatu genuen: Olaztin, Arbizuko etxe batean, Lakuntzan eta hemen. 4 probetako liga bat izan zen. Duela 20 urte inguruz ari gara.

Pentsatzen dut hobekuntza hauek egiteko taldearentzat inbertsio garrantzitsuak izan direla. Nola daramatzazue aurrera hobekuntza hauek?
Oier: Sei hilabeteko kuotak ezartzen ditugu, nahiko baxuak. Gure diru-sarrera garrantzitsuena da. Gehienak askoz garestiagoak dira gurearekin alderatuta. Esango nuke rokodromoak eskaintzen duena oso ongi dagoela ordaintzen denarekin alderatuta, ematen duen zerbitzua kontuan hartuta.

Oihana Zubikoa: "Emakume gutxi ginen, baina gero eta gehiago gara. Goraka doa, zorionez"

Gimnasio bat da rokodromoa?
Oihana: Orokorrean, arroka-eskaladarako entrenatzeko toki gisa hartzen dugu rokodromoa. Gehienok arrokan eskalatzen dugu hemendik kanpo, eta beraz, guretzat oso onuragarria da. Beste batzuek entrenatzeko gimnasio bezala ere hartzen dute. Denetatik dago.

Jaime: Nik esango nuke sozializatzeko tokia ere badela. Hemen badago katu-oinak janzten dituen jendea, 3 mugimendu egiten dituena eta 2 ordu hitz egiten ematen dituena (kar kar).

Oihana: Hona etorrita, batez ere neguan, badakizu norbaitekin egongo zarela. Eta hori oso ondo dago.

Ezer berritzeko asmorik baduzue? Lokalean bertan, edota beste proiekturik duzue buruan?
Oier: Aurrio ate-mugitzaileen taldea deitu geniezaioke taldeari. Gurea ateak lekuz aldatzea da, 4 aldiz mugitu ditugu. Aurrera begira, lekuz mugatuta gaudela ikusten ari gara jada. Probetxua guztiz atera diogu dugun espazioari. Beraz, hor agian zerbait pentsa dezakegu.

Jaime: Altsasu bezalako herri batean, 280 metro karratu oso ongi dago. Denborarekin, ziur estrukturak aldatu eta egokituko ditugula. Denbora aldatzen doa eta modak ere bai, beraz, etengabe aldatzen joango garela uste dut. Baina, egia da ez dugula lokala nondik handitu. Hemendik hamar urtera non egongo garen? Ez dakit.

Belaunaldi haustura baten beldur zarete?
Jaime: Hemendik pasa da herriko jende gehiena. Ia edonork jantzi ditu, gutxienez behin, katu-oinak hemen. Kuadrilla guztiak izan dira hemen, eta azkenean, gutxienez bat edo bi gelditzen dira. Prozesu bat da, eta etengabe pasatzen da.

Eskaladan emakumezkoen presentzia goraka doala sumatzen duzue hemen?
Oihana: Egia da hasieran oso emakume gutxi ibiltzen zirela hemen. Askotan emakume bakarra naiz rokodromoan, eta egia esan, ez daukat arazorik. Hala ere, gero eta neska gehiago gara, eta, poliki-poliki, goraka doan zerbait ematen du, zorionez. Emakumea gizonaren ondoan eskalatzen egon behar zela ematen zuen, bere bikote edo lagunarekin. Gaur, emakumeak hautu propio hori hartu du.

Jaime: Bilakaera handia izaten ari da zentzu horretan. Zorionez, jada ez da arraroa rokodromoan edo mendian eskalatzen dabiltzan emakumeak ikustea. Duela 30 urte arraroa zen. Oso gutxi ziren. Oso trebeak, baina gutxi.

Oihana: Futbolean, adibidez, gertatzen ez den bezala, ezagunak dira maila berean emakume zein gizon eskalatzaile trebeenak. Nahiko parekatuta daude zentzu horretan, eta beraz, emakumeak ez gara beste kiroletan bezala itzalean gelditzen.

Nola sumatu duzue eskalada izaten ari den susperraldia zuen taldean?
Oier: Covid-aren garaian, mendiko beste kirol batzuekin batera, eskaladak arrakasta handia lortu zuen. Rokodromoak betetzen hasi ziren eta gero eta gehiago eraikitzen hasi ziren hirietan. Boom hori hemen ere sumatu genuen. Nolanahi ere, inertzia hori, dagoeneko, lasaitu da. Eta eskerrak. Futbolaren ondoren kirol handiena izatera iritsi behar zen (kar, kar).

Jaime: Rokodromo komertzialak nahi beste eraiki ditzakezu hirietan. Baina mendiak bere mugak ditu. Eta orain, Ingurugiro Departamentua gogor sartu da sektorea erregulatzera. Zaila da eskalatzeko sektore berriak aurkitu eta irekitzea. Eta gainera, zabalik zeuden horietan, mugak jartzen eta ixten hasi dira. Gero eta gehiago gara mendian, eta Ingurugiro Departamentutik, gero eta muga gehiago ezartzen dizkigute. Beraz, eskalatu daitekeen tokietan saturazioa besterik ez dago.

Oier: Kanpotik eman dezake eskalatzeko tokiak besterik ez ditugula nahi, ingurugiroan pentsatu gabe. Gure bailaran debekatu eta itxi dituzten eskalatzeko zonaldeak oso zentzu gutxi zuten debekuengatik eta argudioengatik izan da.

Etorkizunerako itxaropenik edota helbururik duzue, datozen urteetara begira?
Oier: Apustu argia egiten jarraitu behar dugu auzolanarekin. Ikusi besterik ez da egin behar zer nolako fruituak eman dizkigun. Eta beste alde batetik, noski, emakumearen presentzia handitu behar da rokodromoan. Estutu behar diogu eskaladari.

Urte batzuk atzerago...
Guaixeko artxiboan kuxkuxeatzen, 1999ko abuztuko argazkiak argi erakusten du Aurrio Trepalari taldearen betiko oinarria auzolana izan dela. Rokodromoan obrak egiten ari ziren, umore eta giro ederrean, agerikoa denez.