Saskibaloia

CBASK-eko seniorren bi garaipen garrantzitsu

Guaixe 2026ko urtarrilaren 22a

Mutilek Aranguren Mutilbasket mendean hartu zuten, eta neskek San Ignacio. Ligako hamalaugarren jardunaldia etxean jokatuko dute bi taldeek, ilbeltzaren 24an

Gizonezkoen bigarren senior mailan hamahirugarren jardunaldia jokatu zen eta CBASK Narum-ek Aranguren Mutilbasket izan zuen aurkari Irulegi kiroldegian. Partida oso lehiatua eta bizia izan zen, eta azken txanparaino nor baino nor aritu ziren bi taldeak. Zazpi aldiz berdindu zuten eta markagailuan alternantzia egon zen. Azken txanpan, ordea, talde altsasuarrak aldea atera zuen eta, azkenean, 69-81 hartu zuen mendean Aranguren. Unax Ijurra izan zen puntu gehien lortu zituen jokalaria, 28 puntu. 

Bigarren mailako liderra Noain da (20 puntu). CBASK bosgarren da (18 puntu). Hamalaugarren jardunaldian CBASK-ek sailkapenean zortzigarren den Berriozarko Humiclima hartuko du ilbeltzaren 24an, 17:50ean, Zelandin. 

Neskak, hamahirutik bederatzi
Emakumezkoen lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz taldeak San Ignacio taldearen kontra jokatu zuen Jesuiten San Ignacio kiroldegian. Hasieran San Ignaciok aldea hartu zuen eta eroso aritu zen, baina azken txanpan CBASK-ek erremontatzea lortu zuen eta azken segundoetan bere aldera erori ziren saskiratzeak 49-52 irabazi arte. Hiru punturen aldearekin, garaipen garrantzitsua lortu zuten altsasuarrek. Edurne Ormazabalak 23 puntu lortu zituen. Jokatutako hamahiru partidetatik bederatzi irabazi dituzte altsasuarrek. 

Emakumezkoen lehen senior mailako liderra Liceo Monjardin da (26 puntu). CBASK laugarren da (22 puntu). Hamalaugarren jardunaldian, ilbeltzaren 24an CBASK Xabi Gorriz taldeak sailkapenean bigarren eta talde garrantzitsua den Navasket SF´Old hartuko du Zelandin, 16:00etan.