Txirrindularitza

Iker Gomez, Kern Pharman profesionaleko ibilbideari ekiteko prest

Guaixe 2026ko urtarrilaren 23a

Kern Pharmaren aurkezpena. KERN PHARMA

Taldeak 21 txirrindulari ditu 2026 denboraldian, gehienak Finisher harrobian trebatutakoak. Tartean dago Iker Gomez altsasuarra, afizionatuetan urte bat egin eta gero profesionaletara igo dena. 

UCI Pro Team mailako Kern Pharma talde profesionalak 2026ko taldea itxi du. 21 txirrindulari ditu taldeak, horietatik hamasei harrobian trebatutakoak, Juanjo Oroz eta beste kirol zuzendarien esanetara ariko direnak. Denboraldi berriari ekiteko ilusioz daude, eta munduko talde onenen artean lehiakorrak izatea, hori da euren helburua. “UCI Rankingari begiratuta puntuatzearen beharra hor dago, baina gure balioei zintzo eta fidel izanda” nabarmendu du Kern Pharma taldeko manager Juanjo Orozek. 

Taldearen oinarria harrobia da, Finisher taldea. Bertatik igo da, esaterako, Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra, afizionatuetan soilik denboraldi bat egin ostean. Berarekin batera Cesar Perez, Unai Ramos eta Ho Yen Yi igo dira Finisher taldetik, eta Jose Maria Martin, Extremadura Pebeterotik. Haiei Ibai Azanza, Hugo Aznar, Urko Berrade, Marc Brustenga, Pablo Carrascosa, Ivan Cobo, Iñigo Elosegi, Nil Gimeno, Jorge Gutierrez, Unai Iribar, Mikel Retegi, Ibon Ruiz, Ivan Ramiro, Antonio Jesus Soto, Diego Uriarte eta Mats Wenzel txirrindulariek osatzen dute tropela.