AHT eta errausketa egitasmoen kontra egin dute

Guaixe 2026ko urtarrilaren 26a

Bi egitasmoren kontrako elkarretaratzea.

Plataformako kideek trenbidea bikoiztearen alde eta Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzearen kontra egin dute. Antolatzera eta mobilizatzera deitu dute. 

Sakana Bizirik deituta, 300 bat pertsonak kontzentrazioa egin zuten Altsasuko udaletxearen parean ostiralean, ilbeltzak 23. Bilkuran, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta Olatzagutiko porlandegian hondakinak egiteko proiektuaren kontra azaldu ziren. Deitzaileek lehenik gogoratu zuten AHT eraikitzeko informazio azterketa abenduaren 23an aurkeztu zela. Gaztigatu zutenez, "AHTren bide berriak eragin larri eta askotarikoak eraginen lituzke, besteak beste: pertsonen bizi kalitatearen gainbehera, bi milioi metro karratu baino gehiagoren desjabetzea eta artifizializazioa, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari kaltea eta biodibertsitatean ingurumen inpaktu handia". 

Plataformako kideek nabarmendu zutenez, "AHT inposatutako tren eredua da, eliteendako eta haien poltsikoak betetzeko pentsatua eta tren soziala baztertzen duena". Renfe tren enpresak emandako datuak gogorarazi zituzten: aldirietako eta distantzia ertaineko tren zerbitzuek bidaien %96 hartzen dituzte". Azpimarratu zutenez, "Euskal Herrian dagoeneko AHTren eraikuntzan 6.000 milioi euro gastatu dira eta beste horrenbeste falta da". 

Horren guztiaren aurrean, ohiko trenaren alde egin zuten, egungo trenbidea bi ibilbidetako bilakatzeko prest dagoela nabarmendu zuten. "Horixe litzateke trena hobetzeko modurik egoki eta jasangarriena. Hala, benetako Prestazio Handiko Trena bihurtuko litzateke". 

Erraustegirik ez dute nahi 
Bilkura berean gaztigatu zutenez, Cementos Portland Valderrivas enpresak Olatzagutiko porlandegian hondakinak errausteko proiektua du. Ondorioz, "Arabako Lautada, Gipuzkoako Goierri, Ameskoa eta Sakana mehatxupean daude". Sakana Bizirik plataformako kideek gaztigatu zutenez, "hondakinen balorizazioa deitzen dena negozio berri bat baino ez da, hondakinen arazoa korporazio handiendako etekin iturri bihurtzen duena, baina, era berean, pertsonen osasuna eta ingurunea arriskuan jartzen duena". Azaldu zutenez, "halako errausketa proiektuak askotan proba pilotuekin hasten dira, hasieran arrisku txikiagoko hondakinak erabiliz, esaterako, biomasa, baina denborarekin mota guztietako hondakin oso kutsagarriak masiboki erraustera jotzen dute". Horren adibide gisa Bizkaiko Lemoako porlandegiaren adibidea jarri zuten, "2023an dioxina eta furanoen legezko emisio mugak gainditu" zituena. 

Hondakinen balorizazioak "osasunerako arrisku larriak" dakartzala nabarmendu zuten. Eta horren aurrean "benetan jasangarriak diren politikak defendatzen ditugu, hondakinen murriketan, berrerabilpenean, kontsumo arduratsuan eta bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomian oinarrituta, eta ez etekinaren zerbitzura dagoena". Sakana Bizirik plataformak eskaera egin zien "Nafarroako Gobernuari eta eragindako eremuetako udal ordezkariei eskatzen diegu argi eta koherentziaz joka dezaten, herriaren mandatua eta gure herrien etorkizuna defendatzeko".