LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek martxoaren 17rako greba orokorraren deitu dute. Haren leloa da: Gutxieneko soldata hemen erabaki. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko.
Greba orokorra lantzeko eskualdeko ordezkarien batzarra egin du LABek Altsasun. Sindikatuak jakinarazi duenez, heldu diren asteetan lantokiz lantoki grebarako arrazoiak langileekin partekatuko dituzte. "Euskal langileondako gutxieneko soldata propioa lortzeko eta, oro har, soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak betetzeko" deia egin du LABek. Sindikatutik gaztigatu dutenez, "grebarako arrazoiak ez dira falta. Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko".
Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dela aldarrikatu dute LABetik. Izan ere, "gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen". Horregatik, greba.
LABek gogorarazi duenez, "patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari. CENek, UGTk eta CCOOk uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, argudio juridikoak direla medio, Herri Ekimen Legegilearen tramitazioari bidea itxi zion Nafarroako Parlamentuak". Foru gobernuak aldarrikapenei kasurik ez diela egiten salatu du LABek.
Aldarrikapenak
LABeko kideek gaztigatu dutenez, "eremu pribatuan eta publikoan, etengabe erasotzen dira langileon soldatak. Orain, absentismoaren mantrarekin datoz murrizketa berriak inposatzera". Greba orokorraren bidez indar erakustaldia egin eta zortzi aldarrikapen plazaratuko dituzte: 1.500 euroko gutxieneko soldata; soldaten arrakala matxista eta arrazistak murriztea; soldata guztiak gorantz bultzatzea; enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzea; gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzea; langileek sortzen duten aberastasuna justuago banatzea; soldatak hemen erabakitzea, eremu pribatuan zein publikoan eta gobernuak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzea. "Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko", adierazi dute sindikatutik.
LABek dei egin die Sakanako langile guztiei euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorrarekin bat egiteko.