Atletismoa

Ekhi Guirado, Espainiako Kros Txapelketan gustura

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 3a

Ekhi Guirado, ezkerrean, Nafarroako selekzioko taldekideekin. UTZITAKOA

Ilbeltzaren 24an eta 25ean Almodovar del Rion (Cordoba) jokatutako Espainiako Kros Txapelketan aritu da 14 urteko korrikalari altsasuarra, Nafarroako selekzioarekin. Krosean eta trailean aurrera pausoak ematen jarraitu nahi du

Ilbeltzaren 24an eta 25ean Espainiako Kros Txapelketa jokatu zen Almodovar del Rion (Cordoba). Guztira 865 atletek hartu zuten parte, 16 urtez azpiko mailatik maila absoluturaino. Kategoria txikietan ordezkari sakandar bakarra izan genuen, 16 urtez azpiko mutilen kategorian Nafarroako selekzioarekin lehiatu zen Ekhi Guirado Navarro. 14 urteko altsasuarra lehenengoz aritu zen Espainiako Txapelketa batean, eta esperientzia ahaztezina izan da berarendako.

Ekhi Guiradok azken urtean izan duen bilakaera kontuan izan dute Nafarroako atletismo selekzioan. San Adrianeko Nafarroako Kros Laburrean hirugarren izan zen, eta Altsasuko Nafarroako Kros Luzean laugarren. "Egindako lana eta emaitzak ikusita agian Espainiakorako deituko zidatela uste nuen, baina ez negoen ziur, beste korrikalari on asko daudelako" dio Guiradok. 

Kategoria bakoitzeko bost korrikalari hautatu zituen Nafarroako selekzioak. "Nire kategoriako gainontzeko korrikalariak ezagutzen nituen, aurretik jokatutako lasterketetatik eta Nafarroako selekzioarekin egindako entrenamenduetatik. Azkar egin genuen harremana, jatorrak dira". Selekzioko kideak elkarrekin jaitsi ziren Cordobara ilbeltzaren 23an, autobusean. "Guztira bederatzi ordu eta erdiko bidaia izan zen, nekatuta iritsi ginen". 

Lokatz asko eta hotz handia
Korrikalariek Cordoban ez ohiko euri zaparradak zituzten zain, kazkabarra eta guzti. Kategoria txikikoen Espainiako Txapelketak hurrengo egunean, ilbeltzaren 24an, jokatu ziren. Ez zuen euririk egin, baina hotz handia zegoen, eta bezperan eroritakoaren ondorioz zirkuitua lokatzez eta urez beteta zegoen. "Lokatz pila bat zegoen, baina ni ez naiz kexatzen. Niretako, lokatzarekin, hobe eta guzti". 

16 urtez azpiko mutilen Espainiako Kros Txapelketan (3.459 m) 86 korrikalarik hartu zuten parte, eta Jose Manuel Garciak (Andaluzia) irabazi zuen (11:40). Ekhi Guirado 51. sailkatu zen (13:00). Nafarroa multzoka hamaikagarren sailkatu zen. "Egin behar nuena egin nuen; katarro pixka bat nuen, eta nabaritu zen. Katarroa ez banu, lasterketa azkarrago egin nezakeela uste dut. Beraz, egindakoarekin kontentu nago". Halako lasterketa batean aritzean "sentsazio bikaina sentitu nuen. Hasieran, urduritasun pila bat, ez delako herriko proba bat, baina gero ongi. Horrutza iristeagatik bat bere buruarekin ongi sentitzen da".

Nafarroako selekzioak tarteka entrenamenduak antolatzen ditu eta bertara joaten jarraitzeko asmoa du altsasuarrak. Bitartean, Dantzaleku Sakana atletismo klubekoa izaki, bertako entrenamendu errutinarekin jarraitzen du. "Nafarroako selekzioko entrenamenduak asteburuetan izaten dira. Selekzioak deialdia egin, eta orain arte bosten bat inguru egin ditut; batzuetara ezin izan naiz joan". Entrenamenduetan asko ikasten dela dio, "hobetzen da".  

Trailean ere bai
Halaber, mendi lasterketak eta trailak oso gogoko ditu Ekhi Guiradok. Nafarroako Mendi Federazioko trail selekzioarekin entrenatu izan du, eta abenduaren 13an Etxarri Gazte Trailarekin abiatutako NKJ-etako Mendi Lasterketen Txapelketan parte hartzen ari da. "Hurrengoetan aritzeko asmoa dut". 

Trailean sakontzeko astean behin Tolosara joaten da entrenatzera, Mendian Korri Eskolara. "Lagun batek aipatu zigun. Bertara joateko aukera sortu zen, Ibon Artola entrenatzailea ezagutu eta taldean probatzea erabaki genuen. Hamar inguru gaude taldean, eta mendian entrenatzen dugu, Aralarren". 

Hemendik aurrerako helburuak argi ditu: "horrela jarraitzea, entrenatzea eta iristen garen tokira iristea. Ea selekziotik gehiagotan deitzen didaten".