Astekaria

Zelaia, Sabino Arana Saria

Guaixe 2026ko otsailaren 4a

2025eko Sabino Arana sarietako irabazleak; eskuinetik hirugarrena, Enrike Zelaia. SABINO ARANA FUNDAZIOA

Ilbeltzaren 25ean banatu zituen Sabino Arana Fundazioak XXXVII. Sabino Arana Sariak; Kultur arloan akordeoilari eta folklorista altsasuarrak jaso zuen saria, "euskal nortasuna berreskuratu, sortu eta zabaltzeari eskainitako bizitzagatik".

Sabino Arana Sariak 2025: Euskadi indartzen duten balioak banatu zituen Sabino Arana Fundazioak ilbeltzaren 25ean, Bilboko Arriaga Antzokian egindako ekitaldian. Sarien 37. edizioa da, eta aurten Eduardo Anituak, Bera Bera Eskubaloiak, Etxeondok, UNRWAk, Juan Mari Atutxak eta Enrike Zelaia altsasuarrak jaso zuten saria. Besteak beste, Arantxa Tapia fundazioaren presidentea, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta euskal erakundeetako eta gizarte eta kultura esparruetako ordezkariak izan ziren. Andoni Calvo Murillo kazetariak gidatu zuen ekitaldia eta Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek musikaren laguntzaz girotu zuten. Zelaiak ere emanaldi txiki batekin eskertu zuen errekonozimendua. 

"Gizarteari eskainitako zerbitzuagatik, Euskadirekiko konpromisoagatik eta, besteak beste, bizikidetzaren, berdintasunaren, bakearen eta aurrerapen partekatuaren defentsagatik" nabarmentzen diren pertsona eta erakundeak aitortzen ditu Sabino Arana Fundazioak izen bereko sariekin. Tapiaren esanetan: "Oso bestelakoak diren ibilbideak aitortzen dituzten arren, hari berak josten ditu guztiak: gizarteari eskainitako zerbitzua eta Euskadirekiko konpromisoa. Berezko nortasuna duen Euskadi anitz eta kohesionatua; munduari zabalik dagoena, solidarioa eta bakearen nahiz gizarte justiziaren aldeko konpromiso sendoa darabilena". Gaineratu zuenez, ekitaldia Sabino Aranaren jaiotegunaren urteurrenetik gertu izan zen (1865-01-26). 

Sarituak
Zientzia, kirola, enpresa, kultura, giza eskubideak eta zerbitzu publikoa arloko sariak banatu ztiuzten. Hortaz, Eduardo Anitua Gasteizko mediku eta ikertzaileak jaso zuen Zientzia arloko saria, eta lehenengoa izan zen oholtzara igotzen. Kirolean Bera Bera Eskubaloia taldeak jaso zuen saria, emakumezkoen eskubaloiaren erreferentea izateagatik, eta tituluetatik haratago "funtsatzen duten balioetan" arreta jarri duelako. Tatiana Garmendia eta Alba Menendez taldeko arduradunak eta kapitain oihak, hurrenez hurren, jaso zuten saria. Maria Jesus Uranga eta Paco Rodrigo Etxeondo enpresako sortzaileek eta Amaia eta Patxi Rodrigo familiaren bigarren belaunaldiko kideek jaso zuten Enpresa arloko saria; industria ulertzeko "modu jatorra" aldarrikatu zuten. Giza Eskubideen saria UNRWA erakundearendako izan zen, eta Raquel Martik Espainaiko zuzendariak jaso zuen. Ekitaldiaren amaieran Juan Mari Atutxak Zerbitzu publikoaren arloko saria jaso zuen. 

Kultura

Bilbon ospatutako ekitaldian akordeoiarekin emanaldi txikia eman zuen

Kultura arloan Enrike Zelaia altsasuarrak jaso zuen 2025eko Sabino Arana Saria, "akordeoia edo soinua lagun eta herri musikak bidelagun, euskal nortasuna berreskuratu, sortu eta zabaltzeari eskainitako bizitzagatik". Aitorpenagatik eskerrak emanda, musika emanaldi laburra eskaini zuen Zelaiak, eta ikus-entzuleek luzaroan txalotu zuten. 

Musikaria 1939. urtean jaio zen, eta oso txikitan hasi zen musika klaseak jasotzen. 15 urterekin Zumarragako bandako zuzendariarekin klaseak ematen hasi zen, eta 23 urterekin musika kultua jotzen hasi zen. Hainbat disko grabatu ditu; tartean, Euskal Herriko herrialde bakoitzari disko bat eskaini zion eta 1995ean azken alea kaleratu zuen, Zazpiak bat osatuz. "Herria egitearen" helburuarekin sortu zuen. Besteak beste, Altsasuko inauterien berreskurapenean parte hartu zuen eta ezkil errepikan ere ohikoa izan da.