Baratzeko bide plazako jolas parkea estalita

Guaixe 2026ko otsailaren 3a

Zumalakarregi plazakoaren ondoren udalak estali duen bigarren jolas parkea da.

Ilbeltzaren 22az geroztik Altsasuko Baratzeko bide plazan dagoen haurren jolas parkea estalita dago. Jolas parkearen azpian garajea dago eta, hori kontuan izan du Altsasuko Udalak estalkiari oinarria emateko garaian. Jolas parkearen estalkiari sei metroko luzera duten metalezko sei zutabek eusten diote. Haien goiko perimetroa metalezko habez lotuta dago. Lurrera, bestalde, torlojuz helduta dago. Jolas parkea estaltzen duen olonak guztira 140 metro karratuko azalera du. Lanak Maderplay SM enpresak egin ditu eta haien truke 51.500 euro (BEZik gabe) jaso ditu. Lana finantzatzeko Altsasuko Udalak  Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsio Planeko erabilera askeko programatik jasotako dirua erabili du.

Altsasuko Udalak jolas parke bati estalpea jartzen dion bigarrena da Baratzeko bide plazakoa. Lehendabizikoa, 2023an martxoan, Zumalakarregi plazakoa izan zen.