Txirrindularitza

Rural Kutxak historia egin du: Frantziako Tourra korrituko du

Guaixe 2026ko otsailaren 2a

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko txirrindulariak, entrenatzen. RURAL KUTXA-SEGUROS RGA

Altsasutik sortutako talde nafarrak aurtengo Frantziako Tourrean aritzeko gonbidapena lortu du. Talde guztiarendako “harrotasun eta ilusio handia” dela azaldu du Jose Miguel Fernandez kirol zuzendariak

Frantziako Tourrak aurtengo talde parte hartzaileen zerrenda argitaratu zuen ilbeltzaren 30ean. Zerrenda desiatuan talde nafar bat ageri zen, hain zuzen ere Altsasun sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA taldea. Talde nafarrak 113. Frantziako Tourrean lehiatzeko gonbidapenetako bat jaso du, eta pozarren daude, uztailaren 4tik 26ra jokatuko den munduko txirrindularitza proba famatuenean aritzeko desiotan. 

Aurretik beste bi garai izan zituen Rural Kutxak talde gisa: 1987tik 1989ra talde profesionala izan zen, eta itzuli handietan lehiatu zen, tartean Tourrean, Marino Lejarreta lider zela. Ondoren, 1992tik 2009ra txirrindularitza talde amateurra izan zen. Eta 2010tik gaur egunera arte talde profesionala da. Iaz denboraldi bikaina egin zuen Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak, UCI Rankingean 23. postua lortuaz. Tourrak kontuan hartu du, eta Rural Kutxa, bere hirugarren garai honetan, lehenengoz ariko da Frantziako Tourrean. Ondoren, beste handi batean ariko da, Espainiako Vueltan. Taldean argi dute ametsa bete dutela. Hala adierazi dute euren sare sozialetan. “Batzuetan ametsak errealitate bihurtzen dira”. 

Harro eta ilusioz
Jose Miguel Fernandez Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko zuzendariak azaldu duenez, “Talde osoarentzat, harrotasun eta ilusio deskribaezina da Frantziako Tourrean debuta egitea. Oso kontziente gara lasterketa honek mundu osoan zer esan nahi duen eta egutegiko lasterketa garrantzitsuenaren irteeran egoteak eskatzen duen ahalegin izugarriaz. Hona iristea urte askotako lanaren, iraunkortasunaren eta talde gisa egindako hazkundearen emaitza da, eta ASOk eman digun aukera hau oso baloratzen dugu”. Gaineratu duenez, “Tourra errespetu osoz eta xehetasun guztiei arreta handia jarriz prestatuko dugu. Badakigu lehiakortasun maila oso handia izango dela eta egun bakoitza erronka bat. Beraz, talde orekatu bat osatuko dugu eremu guztietan aritzeko gai diren txirrindulariekin”. Hankak lurrean dituzte. “Gure helburua anbiziotsua baina errealista izango da: etapa garaipen baten alde borrokatzea, eta munduko lasterketa jarraituenean marka uztea. Ikusi gaitzatela. Prestatuta, motibatuta eta aukera historiko hau aprobetxatzeko gogoz iritsiko gara. Rural Kutxaren koloreak harro ordezkatzeko, dugun guztia emango dugu”.