Astekaria

Altsasu eta Galdakao senidetu dira

Guaixe 2026ko otsailaren 2a

Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateak senidetzea sinatzen. GEURIA.EUS

Andra Mari dantza taldeak Altsasuko inauteriak berreskuratzeko egindako lana oinarri hartuta, mende erdi geroago, Galdakao eta Altsasu senidetu dira. 

Galdakaoko momotxorroak, maskaritak eta beste aski ezagunak dira, urtero Altsasuko inauteria ospatzen baitute Bizkaiko herrian. 1992tik ari dira ihote hori ospatzen. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideak izan ziren Altsasura 70eko hamarkadan etorri eta inauteria berreskuratzeko altsasuarren ahotik informazioa jaso zutenak. Ihotearen antzezpena Burunda frontoiak egin zuten 1978an. Hazi hura 1982an egun ezagutzen dugun ihotean bihurtu zen. 

Andra Mari dantza taldeak Altsasuko inauteriak berreskuratzeko egindako lana oinarri hartuta, mende erdi geroago, Galdakao eta Altsasu senidetu ziren. Torrezabal kultur etxeko erakusketa gelan egin zen ekitaldia. Bertan izan ziren bi herrietako alkateak, Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez. Eta, haiekin batera, Altsasuko inauteriak berreskuratzeko ezinbestekoak izan ziren bi erakundeetako kideak egon ziren: Galdakaoko Andra Mari dantza taldea eta Altsasuko Herri Inauteri Batzordea. Baita inauteri berezi horietako protagonista diren momotxorroak eta Galdakaoko dantzariak ere. Bi udalek egun historiko horretan parte hartzera gonbidatu zituzten bateko eta besteko herritarrak.

Zergatia 
Udalek adierazi zutenez, "herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz. Hori da Galdakaoren eta Altsasuren artean 1970eko hamarkadaz geroztik ernaltzen ari dena, Andra Mari Eusko dantzari taldeak Nafarroako herriko inauteriaren inguruko ikerketa abiatu zuenetik". Ziurtatu zutenez, "lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen".

Bi alkateek sinatu zuten senidetze akordioan adierazten denez, "bi herriak senideak dira. Kultur ondare partekatua dute eta kultur identitate horretan sakontzeko nahia ere bai". Horrek eragin du senidetzea. Arriandiaga eta Ollok sinatu zuten akordioarekin, senidetze harremanari ofizialtasuna emanen diote. Horrek aukera emanen du "bi herrietan kultura, gizarte eta ekonomia arloetako ekintza partekatuak, trukeak eta elkarlanak garatzeko".

Senidetzeak Galdakao eta Altsasuren arteko "lankidetza esparru egonkor bat eratuko da udal ordezkariekin eta herri bakoitzeko kultura esparruko ordezkariekin". Gainera, "inauterien inguruko jardunaldi edo ekitaldi partekatuak antolatzea" aurreikusten du senidetze akordioak. Horren helburua da "bi herrietako belaunaldi berriekiko transmisioa ziurtatzea, eurek ere parte izan daitezen eta ondarearen etorkizuna bermatuta egon dadin", eta ondare hori indartsu manten dadin.

Aurretik beste bi senidetze
Altsasuko Udalak aurretik beste bi udalekin sinatu ditu senidetze dokumentuak. Bi senidetze horiek Jose Manuel Goikoetxea Askorbe alkate zela egin ziren. Lapurdiko Senpere herriarekin 1993an. Senidetze horren fruiturik nabarmenena bi herrietako gazteek elkar ezagutzeko egindako trukaketa izan zen. 

Extremadurako Caceres probintziako Piedras Albas herriarekin Altsasu 1994an senidetu zen. Hitzarmenaren jatorria Altsasuren eta Extremaduraren arteko harremanean dago, izan ere, erkidego hartatik makina bat familia etorri ziren Altsasura joan zen mendearen erdialdera. Gaur egun altsasuar ugarik Extremadurako jatorria dute. La Encina elkartea horren lekuko zen. Bestalde, udal agintariek senidetutako herriko festetan izan ziren.